ARGAZKIAK

Lan hitzarmen duina eta errespetua eskatu dituzte Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 13a, 16:08

Orozkoko Zubiaur plazan mobilizatu dira Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileak. Lan hitzarmen duina, langileekiko errespetua eta prekarizazioa etetea aldarrikatu dute. Datorren azaroaren 23an Bilbon mobilizatuko dira, eta ez dute baztertu lanuzteak deitzeko aukera.

Mobilizazioei ekin diote berriz Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek. Elkarretaratze zaratatsua egin dute gaur goizean Orozkoko Zubiaur plazan, lan eskubideen defentsan. Dozenaka herritarrek egin dute bat LAB eta ESK sindikatuen deialdiarekin.

Eskaera zehatza luzatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari: aniztasun funtzionaleko zentroarekin sinatutako akordioa errespetatzea. Azaldu dutenez, 2010ean akordioa sinatu zuten Ibarrako Madres Mercedariasek eta Diputazioak. Erakunde publikoak, ordea, zerbitzua azpikontratatu zuen, eta 2018az geroztik Grupo Norte enpresak kudeatzen du Orozkoko egoitza. Lankidetza-hitzarmena ez betetzea eragin du horrek, nabarmendu dutenez.

Gauzak hala, langileek hitzarmena errespetatzea, eta betetzen duten zerbitzu publikoa aitortua izatea eskatu dute.

Mobilizazio gehiago

Zentzu horretan, mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Datorren azaroaren 23an Bilbora joango dira, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Hurtado de Amezaga kalean duen egoitzaren aurrean protestatzera. Egun horretan bertan agerraldia eskatuko dute Gernikako Batzar Nagusietan.

Horrez gain, ez dute baztertu datozen aste eta hilabetetan mobilizazioekin eta lanuzteekin aurrera jarraitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide