Txanda bakoitzeko 4 orduko lanuzteak egingo dituzte Artiach enpresako langileek azaroaren 22tik 30era bitartean

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 20a, 08:05

Azken urteotan hainbat lan gatazka egon da Orozkoko lantegian. / Aiaraldea.eus

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dituzte protestak eta salatu dute lan hitzarmen okerragoa ezarri nahi duela zuzendaritzak, enpresa ixteko mehatxua eginda.

Artiach enpresako langile batzordearen gehiengoak (hau da, ELAk, LABek eta ESK-k) 4 orduko lanuzteak deitu dituzte hurrengo egunotan. Zehazki, azaroaren 22tik 30era burutuko dituzte protestak.

Mobilizazioak izango dira 10:00etatik 1400ak arte, 14:00etatik 18:00ak arte eta 22:00etatik 02:00ak arte. Hala ere, sindikatuek jakinarazi dute lantegiko sarreran egongo direla 13:00etan eta elkarretaratzeak ere prestatuko dituzte.

2020an 7 milioi euroko mozkinak izan arren, enpresak lan baldintzak okertu nahi ditu, ELAk, LABek eta ESK-k salatu dutenez

Esaterako, astelehenean 10:00etan batuko dira enpresan eta gero Orozkoko herrigunera joango dira pankartak egitera. Asteartean, aldiz, Laudiora joko dute.

Lan hitzarmen okerragoa

Mobilizazioen arrazoia da enpresaren jarrera lan hitzarmenaren negoziazioari dagokionez. Langile erakundeek adierazi dute 2020an 7 milioi euroko etekinak lortu arren, Adams Food enpresak lanaldia luzatu nahi duela, malgutasuna areagotu eta soldata eskala bikoitza ezartzearekin batera.

Hori guztia beteko ez balitz, zuzendaritzak aipatu du ez dutela inbertsiorik egingo Orozkoko lantegian. Sindikatuen aburuz, Adams Foodeko beste enpresa batzuetan hobekuntzak egiten ari dira eskualdean lortutako mozkinekin, tokiko azpiegiturek okerrera egiten duten bitartean.

Horrez gain, ELAk, LABek eta ESKk salatu dute langileak kikiltzen saiatzen ari dela konpainia. Horren guztiaren aurrean, sindikatuek aldarrikatu dute Orozkoko fabrikako beharginek ateratzen dutela aurrera egunero Artiach eta behar den moduan saritu behar zaiela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide