Gaur eguerdian kirol hitzordu berezia egon da Orozko Kriteriumean. Bi proba egin dituzte, ezbedinak. 12:30ean abiatu da lehenengoa eta emakumezkoak izan ditu protagonista. Kirolari gazteak gogor lehiatu dira eta sprintean erabaki da, adibidez, bigarren postua. Emakumezkoek 10 itzuli egin dituzte herrigunean barrena eta ziztu bizian amaitu da norgehiagoka. Isabel Martin izan da irabazlea eta Irantzu Solaguren sartu da atzetik, Laura Tenorio azken metroetan gaindituta.
13:30ak aldera, ordea, gizonezkoen lasterketa izan da. Kern Pharmako gazteekin eliteko txirrindulari erretiratu mordoa elkartu da irteeran. Horien artean egon dira Iker Flores, Amets Txurruka, Mikel Pradera, Iñaki Isasi, Joseba Beloki, Patxi Vila, Jon Aberasturi, Mikel Zarrabeitia, Iban Mayo, Asier Maeztu, David Lopez edota Igor Astarloa.
Euren arteko giroa, dena den, oso bestelakoa izan da eta lagun zaharren topaketatzat jo dute aukera. Aurkezpen umoretsuak egin dituzte eta Joseba Belokik, esaterako, txantxetan aipatu du agian itzuli batzuetan ezkutatuko zela, azkenengoetan batzeko.
Atmosfera lasai hori, aldiz, berehala amaitu da eta 25 itzuliak ahalik eta lasterren betetzeari ekin diote kirolariek. Jon Aberasturi izan da garaile, Igor Astarloa bigarren eta Urko Bedarrek hartu du podiumaren azken tokia.
Kriteriumaren bigarren edizioak herritarren interesa piztu du eta streaming bitartez emititu dute zuzenean.