Orozkoko Olgetan kluba garaile, nesken gomazko paleta txapelketako 1. mailan

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko abe. 15a, 09:54

Larunbatean jokatu ziren gomazko paleta txapelketaren finalak Orozkon. Bizkaiko kluben arteko txapelketan orozkoarrak gailendu ziren 1. mailan. 

Larunbata garrantzitsua izan zen Orozkoko Olgetan klubarentzat. Hala adierazi zuen elkarteak sare sozialetan. Izan ere, nesken gomazko paleta txapelketako partidak jokatu ziren herrian. Hain zuzen, Bizkaiko kluben arteko txapelketaren eta nesken gomazko paleta txapelketaren finalaren lekuko izan zen herria. 

Emaitzei dagokienez, norgehiagoketan honakoak gailendu ziren: hirugarren mailan Alaitasuna Bakiotarrak taldea (30-12 irabazita Alaitasuna), bigarren mailan Gatikako Aterpe taldea (Lea Artibai 24-30 garaituta), eta lehen mailan Orozkoko Olgetan kluba (Udane Iturbe eta Ane Aldamak Olatz Zulaika eta Nerea Isusi izan zituzten aurkari; eta 27-30 irabazi zituzten).

Orozkoko 4 pala jokalari finalean

Lehen mailako final handian Orozkoko bi bikotek hartu zuten parte. Batetik, Udane Iturbe zelairatu zen Ane Aldamarekin kolore urdinarekin; eta, bestetik, Nerea Isusi eta Olatz Zulaikak kolore gorriz defendatu zuten beraien txapeldun izateko hautagaitza. "Zorionak emaitza horretara heltzeko bidean egon diren lantaldeei, bai izandako aurreko entrenatzaile guztiei eta baita gaur egun dagoen lantalde bikainari, Natxo Isusiren gidaritzapean", azpimarratu du kirol elkarteak. 

Txapela, azkenean, Iturbe-Aldama bikoteak jantzi zuen, 30-27 irabazi baitzuten Isusi-Zulaikaren aurka. Dena den, klubarentzat izan zen garaipena, lau ordezkariak Aiaraldeko taldekoak ziren eta. Andoni Olabarriaren hitzetan, partida "oso polita eta berdindua" izan zen bukaera arte, "eta beste bi finalak ere luzeak eta lehiatuak izan ziren" . 

Finala zuzenean emititu zuen Facebooken Orozkoko eragileak:

Argazkiak: Olgetan 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide