Interes Publiko Goreneko Proiektuen aurka lerrokatu da Orozkoko Udala

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 17a, 06:00

Adiek eta EH Bilduk bozkatu dute ekimenaren alde. / EH Bildu Orozko

EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena. Adiek bat egin zuen testuarekin eta EAJk aurka bozkatu zuen.

Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurkako mozioa onartu zuen Orozkoko Udalak asteartean eginiko Udal Osoko Bilkuran.

Iragan astean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioaren Lege berria, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Opozisioko osoa lerrokatu zen lege horren aurka, Eusko Jaurlaritzari eskumena ematen diolako proiektu bat “interes orokorrekoa” dela ebazteko eta, modu horretan, herri batean udalaren baimenik gabe ezarri ahal izateko. ‘Tapia legea’ izenarekin ere egin da ezagun proiektua, Arantza Tapia sailburuak sustatu duelako. 

EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa plenoan, eta Adiek ere bozkatu zuen proposamenaren alde. EAJ, aldiz, aurka lerrokatu zen. Mozioaren arabera, “toki demokrazia” urratzen du Legebiltzarrean onartutako legean jasotzen den Interes Publiko Goreneko Proiektuen figurak. Gauzak hala, lege horren aurka pozisionatzeko deia luzatu dio udalak EUDELi, “eta dagozkion kudeaketa guztiak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko Legea modu horretan alda ez dadin”. Eusko Legebiltzarrera ere bidaliko dute Orozkon onartutako testua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide