Epailearen aurrean eseri da Galletas Artiacheko zuzendaritza, grebarako eskubidea urratzea egotzita

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 18a, 09:44

Elkarretaratzea egin zuten atzo epaitegiaren aurrean. / @ArtiachBorrokan

Orozkoko lantegiko beharginek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko epaitegiaren aurrean, epaiketak iraun bitartean. 

Epailearen aurretik igaro zen atzo Galletas Artiacheko zuzendaritza, grebarako eskubidea urratzea egotzita. Bilbon izan zen epaiketa, eta Orozkoko fabrikako langileek elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren aurrean bien bitartean. 

LAB, ELA eta ESKek jarri zuten salaketa, eta kautelazko neurriak onartu zituen epaileak. Hiru sindikatuen arabera, “funtsezko zerbitzuak” ezarri zituen enpresak greba deitu zenean, “grebara joateko eskubiderik izango ez zuten” zenbait persona hautatuz.

Langileen ordezkarien aburuz, fabrikan inoiz ez da figura hori erabili, eta ez da beharrezkoa. Kezka adierazi dute, neurriak aurrekari bat sortu ahalko lukeelako, enpresa pribatu bati gutxieneko zerbitzuak ezartzeko aukera emanez.

Gauzak hala, sindikatuen ustez, lanuzteak “indarrik gabe” uztea edo “ahalik eta gehien murriztea” zen enpresaren asmoa.  

Gogorarazi dutenez, Orozkon azaroaren 22tik daramate 4 orduko lanuzteak egiten, bidezko hitzarmen bat aldarrikatzeko:

 

“Egun horretatik aurrera, elkartasun eta babes adierazpen ugari jasotzen ari dira egunero egiten dituzten mobilizazioetan”, nabarmendu dute, eta enpresak lortutako mozkinak jarri dituzte mahai gainean: “Urtez urte etekin handiak lortu arren, murrizketa handiak egiteko asmoa du, bestela fabrikaren funtzionamendu onerako beharrezkoak diren inbertsioak egingo ez dituela mehatxatuz. Adams Foods konpainiak, Galletas Artiach-en jabeak, Cuetara, La Granja San Francisco eta La Piara markak ere baditu, besteak beste. Konpainiaren jabea Forbes zerrendan dago, Espainiar estatuko 100 pertsona aberatsenen artean. Galletas Artiachek, urtez urte, etekin handiak lortzen ditu. Osasun-krisiaren lehen hilabeteetan ekoizpena handitu zuen, eta urtea emaitza oso onekin amaitu zen, enpresaren beraren arabera”. 

Hori dela eta, sindikatuek argi dute enpresaren asmo bakarra “aberastasun gehiago pilatzea” dela, baina nabarmendu dute langileak ez daudela prest murrizketa gehiago onartzeko. 

Datorren asteko mobilizazioak

Datorren astean mobilizazioekin jarraituko dute Orozkoko beharginek. Hau da plazaratu duten egitaraua:

Abenduak 20, astelehena

11:00-13:00 // Pankartak egitea, lantegiaren aurrean

13:30-15:00 // Piketea fabrikaren sarreran

15:30-17:00 // Pankartak jartzea

Abenduak 21, asteartea

11:00-13:00 // Martxa Orozkora

13:30-15:00 // Piketea fabrikaren sarreran

Abenduak 22, asteazkena

11:00-13:00 // Kotxe karabana

13:30-15:00 // Piketea fabrikaren sarreran

15:30-17:00 // Kotxe karabana

Abenduak 23, osteguna

11:30-12:30 // Elkarretaratzea Laudion

13:30-15:00 // Piketea Fabrikaren sarreran eta bazkari herrikoia

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide