Asteartean ez-ohiko udalbatzan erabaki zuten 2022ko aurrekontua Orozkoko Udalean 5.368.438,55 eurokoa izango dela, hau da, iaz baino 276.503,55 euro gehiago, hots, %5,43 gehiago.
Hurrengo ekitaldian tokiko erakundearen helburua izango da daukan zorra publikoa murrizten jarraitzea, azken urteotan egin bezala. Horrela, lehen Orozkoko bizilagun bakoitzeko 602€ zor baziren, 2021ean 526,56€ zor izan dira eta 2022an 458€.
Hala ere, tokiko erakundeak oraindik 1.237.529 euro zor ditu (iaz baino 150.486€ gutxiago). Horren sorburua dira, alde batetik, Zubiaur Eraikuntzak sortutako 963.015 euroko zuloa. Bestetik, anbulatorio berria eraikitzeko eskatutako mailegua dago, 225.000 eurokoa.
Udal Gobernu Taldeak azaldu du aurrekontuen oinarria hurrengoa izango dela:
- Oinarrizko zerbitzu publikoak: %24, 1.289.077 euro, 2021ean baino %5,57 gehiago.
- Gizarte-babeserako eta -sustapenerako jarduerak: %28,3, 1.520.592 euro, hau da, 2021ean baino %2,1 gutxiago.
- Lehentasunezko ondasun publikoen ekoizpena: %22, 1.190.105 euro, hau da, 2021ean baino %9,84 gehiago.
- Jarduera ekonomikoak: %7,3, 396.050 euro, hau da, 2021ean baino %1,2 gutxiago.
- Jarduera orokorrak: %14, 757.100 euro, hau da, 2021ean baino %10,2 gehiago.
- Zor publikoa: aurrekontuaren %4, 215.514 euro. 2021ean baino %23 gehiago.
Aldagai horiek guztiak aintzat hartuta, proiektu berriak hasteko tarte estua izango du udalak, %7,3koa.