Zein balorazio egiten duzue, 2021. urteari dagokionez?
17 hilabete eman ditugu osasun larrialdian. Abenduaren 2an berriro ere aktibatu da. Horrek markatu du aurtengo urtea, eta datorrena ere birusagatik baldintzatuta egongo dela dirudi. Zein proiektu atzeratu ditugun? Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorra, Ur patzuergoan sartzea... eta beste zenbait proiektu txiki. COVID-19aren aurkako neurriak kontuan hartu ditugu aurten, eta datorren urtean lehen sektorean bultzatu beharko ditugu, baita osasun alorra ere. Sozialki, laguntzak eman ditugu familientzat, eta datorren urtean ere jarraitu nahi dugu laguntza horiek ematen, enpresa txiki eta autonomoekin bezala. Eguneroko lanak koronabirusak baldintzatu ditu. Ur araztearen proiektua ere hurrengo urterako geratu da. Pandemia normaltasunez eramatea nahikoa lan izan da, sano gatza izan da.
COVID-19arekin aktibatutako laguntzak mantentzea da asmoa, beraz?
Bai. Auzokideentzat sortutako laguntzak betikotuko ditugu, eta itxitako tabernei laguntzea ere bai. Ez da diru asko, 15.000€ euro dira urtero.
Zer erronka dituzue 2022ra begira?
Aurtengo proiektu asko egin gabe daude, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra kasu. Erronketako bat hori izango da, eta baita ur-araztegiena ere. Zubiaurretik Aretarainoko lanak bukatzea nahi dugu aurten, behintzat. Bestalde, bideen katalogoa ere amaitu nahi dugu. Hiltegien itxieraren aurrean ere lagundu nahi dugu, Aiaraldeko udal guztien artean azpiegitura berriz martxan jartzeko. Bilboko Ur Patzuergoan ere sartu nahiko genuke, gure urak Aretara baitoaz gaur egun. Bestetik, asko aurreratu ezin dugun arren, banda zabalari ere heldu nahiko genioke, auzo guztietan egon dadin.
"Aurtengo proiektu asko egin gabe daude, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra kasu. Erronketako bat hori izango da 2022an, eta baita ur-araztegiena ere"
Zein konponbide proposatzen du udalak Laudioko hiltegiari dagokionez?
Udaletik Laudioko hiltegiaren itxiera nola konpondu daitekeen aztertzen ari gara. Nire ustez, udal denen artean egin beharreko kontua da. Orozkoren partetik, dirua ipini behar bada hiltegia berriz lehen bailehen irekitzeko, prest gaude horretarako.
Hitz egin duzue gainontzeko udalekin gai honi buruz?
Momentuz 'Hiltegia ez itxi!' plataformarekin izan dugu harremana, baina badugu horretarako asmoa. Udal aurrekontuetan partida sinboliko bat sartuko dugu, proiektua aurrera badoa dirua jartzeko.
Madres Mercedarias eta Artiacheko lan gatazkak ere izan dira herrian. Zein posizio hartu du udalak?
Hainbat bilera egin ditugu bi lantegietako beharginekin, eta Madres Mercedariaseko mojekin eta enpresarekin ere bildu gara. Artiacheko gerentearekin duela bizpahiru urte bildu nintzen, lantegi horretako gatazka luzea baita. Udalean onartutako mozioa entregatu nion, eta ordutik hona pare bat aldiz hitz egin dut berarekin telefono bidez. Gure partez, udal moduan, langileak entzun ditugu eta elkartasuna helarazi diegu. Karpak utzi dizkiegu Madres Mercedarias edota Artiachen jartzeko, besteak beste.
Zein mezu helarazi nahiko zeniekete orozkoarrei 2022. urteari begira?
COVID-19ak latzagoa egin du egunerokoa, eta arazoak sortzen ditu udalaren eguneroko funtzionamenduan. Horregatik, lasaitasuna eta pazientzia eskatu nahiko nuke.