Greba eskubidea urratzeagatik zigortu dute Artiach enpresa

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 5a, 16:02

Artiacheko grebalariek hainbat mobilizazio egin dituzte azarotik hona. / Aiaraldea.eus

Bilboko epaitegiek erabaki dute ELA, LAB eta ESK sindikatuei isuna ordaindu beharko diela enpresak, baita 20 langileri ere.

Bilboko Gizarte-Arloko bigarren Epaitegiak gaur jakinarazi du Galletas Artiach SAU enpresa zigortu duela greba eskubidea urratzeagatik. Hain zuzen, konpainiak 2.080 euro ordaindu beharko dizkio salaketa jarri zuten sindikatu bakoitzari; ESK, LAB eta ELA, zehazki.

Horrez gain, 50 euro eman beharko dizkie 20 langileri, zeinak azaroaren 22an, 23an eta 24an bere lanpostuan egon behar izan baitziren, protestetara batu ordez.

Abusuzko gutxiengo zerbitzuak

Azaroan ELA, LAB eta ESK sindikatuek 4 orduko lanuzteak deitu zituzten lan hitzarmen duina eskuratzeko Artiachen. 2020an iraungi zen azken lan hitzarmena eta negoziazioek ez dute aurrera egin ia bi urtetan.

Mobilizazio horren aurrean, enpresak bilera egin zuen azaroaren 18an eta erakunde grebalariei (UGT eta Cosme Ibarrola Ganzabalen hautagaitza independentea ez dira batu grebara) adierazi zien txanda bakoitzeko labeko bi langile beharrezkoak zirela ekoizpenaren bi lerrotan eta behargin bana lerro bakarrean.

Zuzendaritzaren aburuz, langile gutxiago egoteak labeak itzaltzea ekarriko zuen eta horrek lanuztea bera baino kalte gehiago eragingo zuen, labe bakoitzak ordu eta erdi edo bi ordu behar baititu pizteko.

Greba eskubidearen urraketa

Monica Gonzalez epaileak azaldu du ekoizpena gelditzea dela beharginen tresna legala negoziazio prozesu batean. Hortaz, ez zegoen justifikatuta enpresaren aldetik gutxiengo zerbitzu horiek ezartzea. Hain zuzen, epaileak ez ditu aintzat hartu enpresako lekukoek esandakoa abenduaren 17an izandako epaiketan. Egun horretan Artiachek deitutako lekukoek argudiatu zuten gutxiengo zerbitzu horiek segurtasun arrazoiengatik prestatu zirela. Epaileak, ordea, ez ditu sinisgarritzat hartu enpresaren aldeko deklarazioak, bilera aktan ez baitago aipamen bat bera ere horri.

Edonola ere, enpresak helegitea jartzeko eskubidea dauka oraindik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide