Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko atalak familia baten bila jo behar izan zuen Itxinara atzo. 19:00ak aldera deia egin zuten 112 telefono zenbakira jakinarazteko bidea galdu zutela Itxina eta Orozko artean, iluntasunaren ondorioz.
Gauzak horrela, polizia harremanetan jarri zen familiako kide batekin, baina sakelakoa bateria gabe geratu zenez, ezin izan zuten kokapena zehaztu. Azkenean, 20:30ak aldera ertzainek bi helduak eta bi adingabeak topatu zituzten eta denak onik zeuden. Behin aurkituta, Orozkoraino lagundu zituzten, han baitzuten autoa aparkatuta.