Bost eguneko greba egingo dute Madres Mercedarias zentroan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urt. 20a, 16:52

Mobilizazio ugari egin dituzte zentroko langileek orain arte. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 28an eta otsailaren 1, 4, 9 eta 11n egingo dituzte lanuzteak. Mobilizazioetara batzeko deia luzatu diete herritarrei. 

Urrats bat gehiago emango dute Madres Mercedariaseko langileek euren lan baldintzen aldeko borrokan. Bost eguneko greba egingo dute Orozkoko Ibarra auzoko zentro horretako beharginek. Zehazki, urtarrilaren 28an eta otsailaren 1, 4, 9 eta 11n egingo dituzte lanuzteak, LAB eta ESK-k deituta. Bi sindikatu horiek osatzen dute enpresa batzordea, ordezkari bi eta batekin, hurrenez hurren. 

Bi sindikatuek salatu dute Aliados fundazioak (zentroaren egungo kudeatzaileak) “murrizketa larriak” ezarri dituela, langileekin zuen hitzarmena aplikatzeari utziz. “Lanaldia handitzea, jaiegun gehiagotan lan egitea eta KPIaren araberako soldata igoera kentzea eragin dute murrizketa horiek”, zehaztu dute langileen ordezkariek, “delegatuek enpresari eskatu diote lan zentroko datu ekonomikoak ematea eta elkarrizketarako bideak irekitzea, baina zuzendaritzak uko egin dio horri, murrizketak aldebakartasunez inposatuta”. Aliados Fundazioaren eta Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoaren “gardentasun eza” ere nabarmendu dute, kontuan hartuta “zerbitzuaren ardura Bizkaiko Foru Aldundiarena” dela.

Gauzak hala, Sergio Murillo (Aldundiko Ekintza Sozialetako diputatua) jarri dute egoeraren erantzule nagusi gisa.

Iaz ekin zioten Madres Mercedariaseko langileek lan baldintzen alde mobilizatzeari. Lanuzte eta mobilizazio ugari egin dituzte azken hilabeteetan, eta elkarlanean aritu dira, besteak beste, Artiacheko langileekin:

Eusko Jaurlaritzari eskaera greba eskubideari begira

Langileek “gizarte osoari” luzatu diote datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioetara batzeko deia, eta eskaera zehatza helarazi diote Eusko Jaurlaritzari: langileen grebarako eskubidea errespetatzea, neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak ezarri gabe.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen zentroa da Ibarrakoa. Gaur egun 43 langile eta 80 erabiltzaile ditu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide