Otsailaren amaierara arte luzatuko dituzte lanuzteak Artiacheko langileek, gutxienez

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urt. 26a, 17:17

Martxa egin dute gaur grebalariek fabrikatik Orozkoko herriguneraino. / @ArtiachBorrokan

Elkarretaratzea egingo dute Laudioko Herriko plazan bihar eguerdian.

Artiacheko langileek azaroaren 22tik daramate lanuzteak egiten, lan hitzarmen duinaren alde, eta dinamika berean jarraituko dute otsaila osoan, sare sozialetan jakinarazi dutenez. 

Langileek gogorarazi dute lan hitzarmena 2018tik daramala berritu gabe, eta ohartarazi dute enpresak lan-baldintzak okertzeko baliatu nahi duela negoziazioa. Nabarmendu dutenez, aldi baterako langileek eta kontratatu berriek pairatuko lituzkete baldintza okerrenak.

Gainera, enpresak esan du, baldintza horiek sinatzen ez badira, ez dituela egingo "fabrikaren funtzionamendu egokirako eta modernizaziorako beharrezkoak diren inbertsioak", grebalariek oharrean salatu dutenez. 

Hauek dira, beharginen arabera, enpresak ezarri nahi dituen baldintzetako batzuk:

  • Soldata eskala bikoitza sortzea.
  • Lanaldia handitzea.
  • Lana eta familia bateragarri egitea are gehiago zailtzen duten neurriak. 

Horren aurka, "lan baldintzak hobetzeko unea" dela uste dute langileek, horretarako "marjina ekonomikoa" dagoela argudiatuta: "Etekin ekonomikoak oso handiak dira, ia 20 milioi eurokoak azken hiru urteetan". 

Elkarretaratzea Laudion

Egunero egiten dituzte mobilizazioak Artiacheko langileek. Bihar elkarretaratzea egingo dute 11:30etatik 12:30etara Laudioko Herriko plazan. Orozokora itzuliko dira jarraian, lantegi aurrean piketea egiteko: 13:00etatik 15:00etara bitartean. Ostiralean, aldiz, egun osoa igaroko dute fabrikaren aurrean.

Mobilizazioetara batzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei, eta orain arte jasotako elkartasun keinuak eskertu dituzte. "Oso argi daukagu enpresa honek gure eskubideak ez lapurtzeko modu bakarra antolakuntza eta borroka direla, eta horretan jarraituko dugu gure helburua lortu arte".  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide