Urtarrilaren 28an hasi zuten bost eguneko greba Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek zentroko kudeatzailea den Aliados Fundazioak ezarritako "murrizketa larriei" aurre egiteko. Murrizketa horiek lan-baldintzen okertzea eragin dute: lanaldia handitu, jaiegun gehiagotan lan egin eta KPIaren igoera itundua ezabatu da.
Grebaren 3. egunean Bilbora eraman dute protesta, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira. Hain zuzen ere, Foru Erakundea da Ibarrako zerbitzu publikoaren titularra eta, hitzarmen bidez, Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoaren eta Aliados Fundazioaren esku utzi du honen kudeaketa.
Hori dela eta, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua jo dute langileek bizi duten egoeraren erantzule nagusi gisa. Gaurko elkarretaratzean bilera eskatu dute Foru Diputatuarekin, egoera bideratzeko asmoz: "Onartezina da gatazka konpontzeko erantzukizuna bere gain ez hartzea".
Bi greba egun aurretik
LAB eta ESK sindikatuek deituta, bi greba egun dituzte oraindik aurretik Ibarrako egoitzako beharginek: otsailaren 9 eta 11an. Gaurko elkarretaratzean datozen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Era berean, gogor kritikatu dituzte baita Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak: "Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu ez dezala debekatu langileok dugun grebarako eskubidea, gutxieneko zerbitzu gehiegizkoak ezarriz".
Argazkiak: Madres Mercedariaseko langileak