Azaroaren 22an hasi zituzten lanuzteak eta mobilizazioak Artiach gaileta fabrikako langileek, 2019tik berritu gabe dagoen lan-hitzarmena "duintzea" helburu. Bi urte hauetan hainbat negoziazio saiakera egon diren arren, hauek ez dute aurrera egin. Langileek adierazitakoaren arabera, negoziazio horietan enpresak lan-baldintzak jaistea izan du helburu, ez soilik egungo beharginenak, baita aldi baterako langileenak eta langile berrienak ere.
Adam Foods taldeko Artiach fabrikak etekin ekonomiko oso handiak ditu; azken hiru urtetan ia 20 milioi lortu ditu
Zuzendaritzak, bere aldetik, adierazi du mahaigainean jarritako baldintzak sinatu ezean ez direla egingo fabrikaren funtzionamendu egokirako eta modernizaziorako beharrezkoak diren inbertsioak. Langileek "mehatxutzat" jo dituzte adierazpen horiek eta, enpresaren nahien aurka, "lan baldintzak nabarmen hobetzeko unea" dela uste dute. Izan ere, Adam Foods taldeko Artiach fabrikak etekin ekonomiko oso handiak ditu; azken hiru urtetan ia 20 milioi euro eskuratzera irtsi da.
Bilera astelehenean
Gaur bertan jaso du LAB, ELA eta ESK sindikatuek osatzen duten greba batzordeak zuzendaritzarekin batzartzeko hitzordua. Astelehenean dira elkartzekoak. Bertan zer landuko duten oraindik ez dakiten arren, aurrerapausotzat jo dute beharginek, baina "zuhurtziaz" jokatzeko beharra azpimarratu dute.
Urtarrilaren 4an batzartu ziren azkenekoz zuzendaritza eta sindikatuak. LAB, ELA eta ESK sindikatuek "alferrikakotzat" jo zuten bilera hura, enpresak ez baitzuen hitzarmenaz hitz egin nahi izan.
Greba eta mobilizazioak aurrera
Bien bitartean, lanuzte eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dute Artiacheko langileek: "Oso argi daukagu enpresa honek gure eskubideak ez lapurtzeko modu bakarrak antolakuntza eta borroka direla". Azken hilabeteetan jasotako elkartasun eta babes adierazpenak ere eskertu dituzte. Asko izan dira Artiacheko langileei keinu egin dieten gizarte eragile, enpresa batzorde edota pertsona ezagunak, Toti Martinez de Lezea idazlea tartean.