ERREPORTAJEA

Artiach: Historiaren hari gorria

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 11a, 08:45

1922an zortzi orduko lanaldia exijitzeko greba egin zuten Artiacheko gailetagileek. / Aiaraldea.eus

Lanuzte eta mobilizazioetan murgilduta dauden Artiach gaileta fabrikako langileek efemeride eder batekin egin dute topo: duela 100 urte grebara irten ziren fabrika berdineko langileak zortzi orduko lanaldia exijitzeko. Ez da kasualitatea. Garaiak aldatzen dira, baita aldarrikapenak ere, baina klase kontzientzia eta langile harrotasuna oso presente egon dira beti Artiacheko langileen artean. Gaur ere, bizirik jarraitzen du duela mende bat lan-baldintza duinen alde lanpostutik altxatu ziren emakume gailetagile horien borrokaren lekukoak.

Azaroaren 22an hasi zituzten lanuzte eta mobilizazioak Orozkoko Artiach gaileta fabrikako langileek. Arrazoia, lan-hitzarmen duin bat erdiestea. 80 egunez luzatu da honezkero lan-gatazka.

Ez da gaileta fabrikak bizi duen lehen greba, azkena ere ez, baina efemeride borobil batekin egin du topo: duela 100 urte Artiacheko langileek greba abiatu zuten zortzi orduko lanaldia aldarrikatzeko. Borrokaren lekukoa eta klase kontzientzia belaunaldiz belaunaldi igaro dira gaileta fabrikako langileen artean, Desutoko erriberatik Orozkoko lantegiraino, eta gaur egun ere bizirik mantentzen dute duela mende bat pizturiko sugarra

Enpresaren hastapenak

XIX. mendean Artiach sendiak ospe handia bereganatu zuen garai hartako Bilbo aurre-industrialean hirinaren komertzioarekin. Okindegi eta gozogintzari lotutako hainbat negozio zuzendu zituen familiak, harik eta 1907. urtean gaur egunera arte iritsi den gaileta fabrikaren aurrekaria sortu zuten arte.

‘Galletas de Artiach’ izenarekin abiatu zuen bere ibilbidea gaileta etxe ospetsuak, eta 1932an aldatu zuen izena behin betiko: ‘Galletas Artiach’.
XX. mende hasierako industrializazio prozesuaren olatua jarraituz, gailetak egiteko prozedura ere azkar industrializatu zen Bilboko erdigunetik gertu zegoen Artiachen lehenengo faktorietan.

XIX. mendean Artiach sendiak ospe eta dirutza handia bereganatu zituen garai hartako Bilbo aurre-industrialean hirinen negozioan

Lan baldintza gordinenek maraktu zituzten mende hasierako Bilboko, eta, oro har, Euskal Herriko, industrializazio prozesuak: hamaika orduko lanaldiak, zazpi lanegun astean, soldata miserableak… Testuinguru horretan jaio zen Euskal Herriko langile mugimendua. Sindikatu eta alderdi desberdinak gorpuzten joan ziren langile klasearen interesak defendatzeko helburuarekin.

Artiach gaileta fabrikak 1917an bizi izan zuen bere lehenengo greba esanguratsua. Bilboko eraikuntza sektoreko langileek abiatutako lanuzte eta mobilizazioek oihartzuna izan zuten gainerako sektore industrialetan, baita Artiachen ere.

Artiacheko langileek jasaten zuten esplotazio egoeraren aurka altxatu ziren. Besteak beste, zortzi orduko lanaldia, soldata igoera, lanaldi hasiera eta amaiera markatuko zuen kanpai bat instalatzea ziren aldarrikatzen zituzten baldintzak. Enfrentamenduak egon ziren langileen eta guardien artean, eta garaiko egunkariek jasotakoaren arabera, Artiach jaunak berak langileei tiro egin zien bulegoko atetik.

Sute batek erabat kiskali zuen Artiach fabrika 1920an. Ugazabek Deustuko Erriberan faktoria berri bat irekitzeko baliatu zuten aukera. Bizkaiko industriaren ikur zen Deustuko Erribera; ontziolek eta labe garaiek marraztutako ekosistema.

Urte horietan krisiak gogor kolpatu zuen ekonomia globala, eta Bizkaiko industria guztiek, kostuak murrizteko helburuarekin lansariak nabarmen jaitsi zituzten eta kaleratze masiboak egiten hasi ziren. 1921eko abuztuaren 31an greba orokor arrakastatsu batek astindu zuen hiria. Testuinguru horretan zabaldu zituen ateak 1921eko urte amaieran Deustuko gaileta fabrika berriak.

1922ko urtarrilaren 23an eskuorriak jaurti zituzten fabrikan Artiach ugazabaren "jarrera despotikoa" eta salatuz 8 orduko lanaldiaren alde grebara batzeko deituz

1922ko grebak

Fabrika berriak ez zituen inondik inora hobetu nagusiki emakumez osatutako plantillaren lan-baldintzak. 1922an greba ugari antolatu zituzten Artiachen, lehenengoa urtarrilaren 23an. Egun batzuk lehenago Artiach ugazabak lanaldia 9 ordutara igoko zuela iragarri zuen, “enpresak bizi zituen une zailei aurre egiteko”. Urtarrilaren 23an eskuorriak jaurti zituzten fabrika barruan Artiachen “jarrera despota” salatuz eta 8 orduko lanaldiaren alde grebara batzeko deituz. Lanuzteak urtarrilaren 29ra arte luzatu ziren eta lanaldia bere horretan mantentza lortu zuten beharginek.

Hurrengo hilabeteetan ere greba gehiago antolatu zituzten gaileta fabrikako lan baldintzak hobetzearen alde. Aldarrikapenei entzungor egin zien enpresak gehienetan, baina lan-gatazka horietan piztutako langile kontzientziak eta elkartasunak hurrengo 100 urteetan presente jarraituko dute.

1980ko hamarkada

Urte luzez hazkunde handia izan zuen Artiach gaileta fabrikak. 1920ko hamarkadan bezala, bertako langileek protagonismo nabaria izan zuten 1970eko eta 1980ko hamarkadetako testuinguru politiko eta sozial bizian.

“Oso argi genuekan gure lanpostuak defendatzeko modu bakarra elkartzea eta borrokatzea zela. Horregatik gaude gailetagile izateaz harro; daukagun guztia lortzeko asko borrokatu behar izan dugulako”

Garai horien lekuko da Rosi Pinedo. 1976an hasi zen Deustuko fabrikan lanean, 18 urte zituela. Orozkoko fabrikan jarraitu zuen, eta orain erretiroa hartzeko hilabete gutxi falta zaizkio. Ikasketak bukatu osteko udako lan bezala hasi zen bertan, eta honezkero 40 urte baino gehiago igaro ditu bertan.
Oso presente du hamarkada horietan bizi zen eztanda soziala: “Langile mugimendua pil-pilean zegoen; Euskalduna, Bizkaiko Labe Garaiak, Artiach…” Garaia hartako bat-batekotasuna du Rosik gogoan: “Une batetik bestera antolatzen genituen lanuzteak. Gogoan dut Labe Garaietan langile bat hil zenekoa; lanpostua utzi eta trenbidetik ibiltzen joan ginen Sestaoraino, bertan txalo artean jaso gintuzten”. 

Hastapenetan bezala, emakumeak nagusi ziren enpresa izaten jarraitzen zuen Artiach. 700 langile zituen 1980an, eta %80 emakumezkoak ziren. Lan baldintza kaskarrak izaten jarraitzen zuten, eta sindikatuek ez zuten presentziarik bertan.

Sindikatuen ausentziak, ordea, ez zuen langileen antolakuntza gelditu. Horrela gogoratzen du Rosik: “Oso borrokalariak ginen, lan baldintzak negargarriak zirelako. Ni lanean hasi nintzenean oraindik ez zegoen sindikatuen presentziarik baina asanbladak egiten genituen oso maiz. Oso argi genuekan gure lanpostuak defendatzeko modu bakarra elkartzea eta borrokatzea zela. Horregatik gaude ‘galleterak’ izateaz harro, daukagun guztia lortzeko asko borrokatu behar izan dugulako”.

Ahalduntze eskola

Langile gatazkaren epizentro ez ezik ahalduntze eskola bezala gogoratzen du Rosik Artiacheko lantegi zaharra, nagusiki emakumez osatutako plantillak elkartasun sare izugarria ehundu zuen bertan: “Jakinmin handiko emakumeak ginen oro har, eta oso ondo antolatuta geunden”.

Esaterako, euskara klaseak antolatzen zituzten, lanaldia hasi baino ordubete lehenago. Gailetagile askok horrela ikasi zuten euskara. Eskola horietan, garai hartan Artiacheko langilea zen Miren Odriozola ezker abertzaleko militante eta El Salvadorren aritutako brigadista izan zuten irakasle. Liburutegi bat ere atondu zuten, futbol talde bat sortu eta kultura-funts bat eskuratu. Kultura-funts horrekin enpresak langileen ikasketak ordaintzen zituen. Horrez gain, ginekologia errebisioak ere lortu zituzten langileek Errekaldeko klinikan.

Pabiloi barruan lanean zeuden bitartean asko abesten zutela gogoratzen du Rosik: “1970eko hamarkadan makineria askoz gutxiago zegoen, eskulana zen nagusi eta ez zegoen zaratarik. Horregatik kantuan pasatzen genuen eguna, eta askotan liburuak irakurtzen genizkion elkarri.”

“1983an bi hilabetez egon ginen greban, fabrika barruan itxita makinariaren lekualdatzea oztopatuz”

Orozkora lekualdatzea

1920ko suteak bezala, 1983ko uholdeek eragin zuzena izan zuten fabrikaren azken lekualdatzean. Nerbioiko uren gorakadak kalte handiak eragin zituen gaileten faktorian, eta enpresa beste nonbaitera mugitzea erabaki zuen zuzendaritzak; “Kontua da ez genekiela nora lekualdatu behar zuten”, gogoratu du Rosik, “zurrumurruak zeuden Burgosen, Gasteizen edota Madrilen ezarri nahi zutela fabrika berria”.

Langileei erantzunik eman gabe, zuzendaritzak makineria guztia mugitzeko lanak abiatu zituen. Fabrika barruan itxialdia hasi zuten une horretan langileek, lanpostuen etorkizunaren defentsan. “Ziurgabetasuna erabatekoa zen; fabrika hondatuta zegoen eta Artiach sendia kazike hutsak ziren. Bi hilabete egon ginen greban fabrika barruan itxita. Makineriaren lekualdatzea oztopatu genuen horrela, lekualdatze baldintza on batzuk negoziatu arte”.
Azkenean argitu zen misterioa: Artiach gaileta fabrika Orozkora lekualdatu behar zuten. Bi hilabeteko borrokari esker enpresa batzordeak eta greba batzordeak oso lekualdatze baldintza onak lortu zituzten. “Jantoki zerbitzua lortu genuen, oraindik ere enpresa behartua dago jantokiko plusa ordaintzera naiz eta jantokirik ez izan. Garraioa ordaintzea ere lortu genuen; gutako asko Bilbotik, meatzaldeatik eta ezkerraldeatik joaten ginen Orozkora arte, eta enpresak bidaia denbora ordaindu egiten zigun”, azaldu du Rosik.

1983ko lan gatazkan erdietsitako lan-baldintzen hobekuntza horrek igoera ekarri zien gaileta fabrikako beharginei, eta, urtez urte, lortutako baldintza on horiek defendatu egin dituzte: “Oso fabrika errentagarria da gurea, eta konpainia askoren eskuetatik igaro da;  Mavisco, Royal Brands, Nutrexpa Adam Foods… Erosten gintuen enpresa bakoitzak murrizketak egin nahi izan ditu, aldaketa guzti hoerietan eutsi egin diegu borrokaz lortutako eskubideei”.

Lan gatazka gehiago

Fabrika barruan Orozkon igarotako denbora guzti honetan oso presente egon da Deustuko Erriberako gailetagileen borroka lekukoa. Dozenaka mobilizazio eta lanuzte egin dituzte: lankideen kaleratzeak gelditzeko, lan-hitzarmenak negoziatzeko, enpresaren salerosketa baten aurrean lan-baldintzak mantentzeko...

Urte guzti hauetan irmotasun berdinarekin defendatu izan dituzte euren lanpostuak, baina Rosik lankide guztien artean bat en figura nabarmendu nahi izan du: Arantza Murguzur.

2020an zendu zen Arantza, hura ere Deustuko erriberako langilea izandakoa, bizi oso bat gaileta fabrikari lotua: “Konbikzio handiko emakumea zen” gogoratu du Rosik, “bera izan zen 2004an inposatu ziguten eraginkortasun mugatuko lan-hitzarmena sinatu ez zuen bakarra, defendatu genituen lan-baldintzen aurka egiten zuelako” goraipatu du.

Behin-behinekotasuna

Prekarietatea ere askotan jarri dute jo puntuan Artiacheko borroka sindikalean: “Enpresa honetan beti egon da behin-behinekotasun handia, eta guk beti egin dugu borroka lan-baldintza prekarioak Artiachetik ezabatzeko. Ranstad Aldi baterako lanerako enpresa fabrika barruan ditu bulegoak, lotsagarria da”.

Hain zuzen ere, behin-behinekotasunaren aurkako borrokak piztu zuen Artiacheko azken lan-gatazketako bat: 2019an behin-behineko kontratuak lotuz Artiachen 6 eta 17 urte bitartean lanean egondako lau emakumek lan ikuskaritzan salatu zuten euren egoera. Ikuskaritzak arrazoia eman zien langileei: fabrikan behin behinekotasun handia zegoela eta enpresak emakumeei kontratu mugagabea egin behar ziela ondorioztatu zuen. Artiachek, ordea, langile horiek kaleratzea erabaki zuen. LAB sindikatuak gogor gaitzetsi zuen enpresaren jarrera, eta urtebeteko borroka luze eta gogorra abiatu zuten kaleratutako lau langileek. Borrokak fruituak eman zituen, eta enpresak kontratu finkoa egin zien azkenean.

Aurrera begira

Azaroaren 22an piztu zen azken lan-gatazka Artiachen. LAB, ELA eta ESK sindikatuek lanuzteak abiatu zituzten 2019tik berritu gabe dagoen lan-hitzarmena “duintzea” helburu. 80 egun baino gehiago daramate borrokan, azken hiru urtetan 20 milioi euroko irabaziak lortu eta langileen lan-baldintzak hobetzeari uko egiten dion enpresaren aurka. Urrun dago gatazkaren amaiera baina historiaren indarra daramate gainean gailetagileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide