Aiaraldeko herritar ugari batu dira Madres Mercedariaseko langileen 5. greba egunean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 11a, 22:15

Artiacheko, Tubacexeko, erresidentzietako, Autoglaseko edota Tubos Reunidoseko langileak bertaratu dira Ibarra auzoan egin den bi orduko elkarretaratzera. Hiltegia ez itxi plataformako kideek pankarta propioa eraman dute. Ondoren, herrira jaitsi dira guztiak, mobilizazioa egiteko.  

Mobilizazio eguna izan da gaurkoa Orozkon. Madres Mercedariaseko langileek bosgarren (eta, momentuz, azken) greba eguna egin dute, eta elkarretaratzea egin dute 14:00etatik 16:00etara egoitzaren aurrean. 

Ez dira bakarrik egon. Aiaraldeko dozenaka herritar batu dira deialdira. Bertan egon dira, besteak beste, Artiacheko, Tubacexeko, Tubos Reunidoseko, erresidentzietako edota Autoglaseko hainbat langile. Laudioko udal hiltegiaren itxieraren aurka sortutako plataformako edota mugimendu feministako zenbait kide ere bertaratu dira. Gauzak hala, hainbat aldarri batu dira ia 2 ordu iraun duen protestan. 

Ertzaintzako bi patruila bertaratu dira egoitzara mobilizazioaren azken zatian, baina ez da aparteko arazorik egon. 

16:00etan jaitsi dira herritar guztiak erdigunera, Madres Mercedariaseko eta Artiacheko grebalariek deitutako mobilizazioan parte hartzeko. Herriguneko kale nagusiak zeharkatu dituzte, eta Zubiaur plazan amaitu dute ekimena. 

Madres Mercedariaseko langileek eskerrak eman dizkiete bertaratu diren persona guztiei, eta borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute. Salatu dutenez, bost greba egunetan ez dute egoitzako zuzendaritzaren deirik jaso. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide