Grebari ekin diote gaur berriro Orozkoko Madres Mercedarias egoitzako langileek, lan baldintza duinen defentsan.
Egoera baliatu dute LABek eta ESK-k (beharginen ordezkariak) egoitza kudeatzen duen Aliados Fundazioaren zenbait pratika “ez oso etiko” azaleratzeko. Harago ere joan dira: salaketa jarri dute Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzan. “Salaketa horretan Ikuskaritzari jakinarazten diogu familiei COVID-19az babesteko materiala kobratzen zaiela eta egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen duela, besteak beste, zaintza zerbitzua jasotzen dutenei jaten emateko, nahiz eta jasotzen duten diru publikoarekin bateraezina izan”, azaldu du LAB sindikatuak ohar baten bidez.
Mobilizazioek, etenik ez
Ostegunera arte luzatuko dute greba Ibarrako egoitzako beharginek. Gaur goizean elkarretaratzea egin dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, alderdi politikoekin bildu ostean. Aldundiak lan-gatazkan duen erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute horrela.
Bihar, aldiz, Ibarran egingo dute elkarretaratzea, 14:00etatik 16:00etara. Auto karabanan abiatuko dira jarraian, herriguneraino.
Ostegunean, aldiz, bi elkarretaratze egingo dituzte:
- Laudioko Aldai plazan 11:00etatik 12:30etara.
- Ibarran 14:00etatik 16:00etara.
Arratsaldeko zazpietan, aldiz, mobilizazioa egingo dute Orozkoko Zubiaur plazatik abiatuta.
Iaz ekin zioten Madres Mercedariaseko langileek euren lan baldintzak hobetzeko borrokari. Salatu dutenez, Fundación Aliados enpresa egoitza kudeatzera sartu zenetik, nabarmen okertu da beharginen egoera. KPIaren araberako soldata igoera eta urtero 1.648 ordu lan egitera itzultzea eskatzen dute, besteak beste.