Ostiraletik igandera bitartean lehiatu da Orozkon Bizkaiko Parapente Txapelketa. 53 kirolarik eman zuten izena, baina guztiek ez zuten parte hartu proban, Katalunia, Kantabria edota Espainiako Estatuko beste puntu batzuetatik bertaratu baitziren asko. Alemaniatik eta Britaina Handitik ere hurbildu ziren Orozkora.
Arrola mendiko Santa Marina ingurutan hasi dira hitzordu guztiak, ostegunekoa barne -entrenatzeko baliatu zena-. Parapentistek Aiaraldea osoa zeharkatu dute airetik. Irudietan ikus daitekeenez, Gorobelera jo zuten egun batean eta atzo Laudio zuten helmuga.
Gorka Uribe Aldekoa izan da irabazlea eta Joseba Sobron Mendibil bigarrena. Gorka Tornos Zabala sailkatu zen hirugarren eta Maite Uribarri Sarasola izan zen hamargarrena, hobeto lehiatu zen emakumezkoa, alegia. Eskualdeko parapentistak ez ziren falta, Orozkoko taldeak antolatu baitzuen dena. Aiaraldearren artean Andres Larrinaga edota Asier Sanchoyerto zeuden.
Atzo banatu ziren sariak Zubiaur plazan arratsaldean, azken proba amaitu ostean.
Ibilbide guztiak batuta, 170 kilometro baino gehiago egin dute hegan eta nahiz eta gaur ere lehiatu behar ziren, atzo eman zuten amaitutzat proba, eguraldi iragarpena ez baitzen ona. Hala ere, gaur ere parapentistak Orozkon egon dira bestelako jarduerak egiten.
Argazkiak: Aitor Aspuru, Rakel Albeniz, Leire Etxaburu, Iñigo Gabiria
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!