Urtzi Verak argazkigintza ikastaroa eskaini zuen Orozkon azarotik martxora arte eta horren emaitzak jadanik ikus daitezke herriko museoan. Izan ere, erakusketa sortu dute beheko solairuko areto nagusian, orozkoarrek eurek egindako irudiekin.
Ekimenean sei herritar aritu dira eta maiatzaren 1era arte ikusi ahalko da irudi sorta. Verak azaldu du ikastaroan hainbat gai landu dituztela: "Teoriaz gain, argazki pilo ikusi genituen, norberak bere begia trebatzeko, eta argazkiak irakurtzen jakiteko. Horrez gain, ikasleek egindako irudiei buruz eztabaidatu dugu eta kritika onak zein txarrak egin ditugu".
Ikasleen artean Lourdes Intxaurraga eta Arantxa San Pedro daude. Intxaurragak adierazi du ikusi zuenean Vera zela irakaslea, zalantzarik gabe eman zuela izena: "Lehen banintzen argazkizalea, baina jakintza berezirik gabe, basoen eta erreken irudiak egiten nituen":
Arantxa San Pedrok, ordea, aurretik egina zuen beste ikastaro bat: "Baina oso oinarrizkoa zen, hau askoz aurreratuagoa izan da. Nik kalean topatzen dudana islatzea gogoko dut, baita Orozkoko auzuneak eta paisaiak, animaliak...".
Lourdes Intxaurragak bi argazki ditu erakusketan: "Familiari esan nion eta ez zuten asmatu zeintzuk ziren nireak. Uste zuten pagoen irudiak zirela, baina ez da horrela".
Hain zuzen, orozkoarra bereziki gustura geratu da bere etxetik hurbil dagoen erreka baten argazkiarekin: "Beti izan dut gogoko leku hori eta zeta efektua baliatu dut".
Arantxa San Pedrok, ordea, hiru argazki lagatu ditu. Horietako bi hegaztienak dira; eta hirugarrena, berak azpimarratzen duena, Urigoiti auzokoa. "Kurutzegaindik hartu nuen. Ikastaroan barneratutako teknika erabili dut, sei edo zazpi irudi bakarrean batzeko. Lehen argazkiak banatuta egiten nituen eta moztuta geratzen ziren. Teleobjetiboa baliatu nuen, urrutitik eginda baitago".
Argazki horiek guztiak ikusi nahi dituenak, aukera izango du, esan bezala, maiatzaren 1era arte.