Grebara doaz berriro Orozkoko Madres Mercedariaseko langileak. Hala jakinarazi dute Ibarra auzoko egoitzako beharginek prentsa ohar baten bidez. Maiatzaren 5, 12, 19 eta 16an, ekainaren 2, 9, 15, 23 eta 30ean eta uztailaren 7an egingo dituzte lanuzteak.
Aurreratu dutenez, mobilizazio ugari egingo dituzte egun horietan. “Grebaren lehen egunean, maiatzaren 5ean, 11:30ean mobilizatuko gara Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, eta 14:00etan Ibarran”.
Langileek nabarmendu dutenez, grebara berriz jotzea da izan duten bide bakarra, “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fundacion Aliados enpresak izandako jarrerak” ikusita.
“Fundacion Aliados enpresak eta Madres Mercedarias Erlijio Kongregazioak negoziatzeko borondate ezari eta murrizketei eusten diete”, salatu dute, eta nabarmendu dute zuzendaritzak ez dituela murrizketa horiek “zinikoki” justifikatzeko baliatzen dituen datu ekonomikoak erakutsi. “Guk argi daukagu nora doan gure dirua: Aliados Fundazioaren poltsikoetara”.
Era berean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuari egotzi diote egoera hori babestea. “Ahoa betetzen zaie erabiltzaileak lehentasuna direla esanez, baina enpresa pribatuei saltzen dizkiete pertsona horien zaintzak, eta enpresa horiek poltsikoak bete besterik ez dute egiten”.
Horren aurrean, langileek gogoratu dute euren soldatak kasu askotan ez direla 1.000 eurotara iristen, eta enpresak Kontsumo Prezioen Indizearen gorakada kendu diela. “Gainera, Fundación Aliadosek ez du soilik gure soldatetatik lapurtzen, Elikagaien Bankua ere erabiltzen du negozioa egiteko, erabiltzaileei arropa nahikoa falta zaie, ratioak ankerrak dira...”.
Langileek ziurtatu dute Aldundiak baduela horren guztiaren berri. “Asier Alustizarekin (Pertsonen Autonomia Sustatzeko zuzendari nagusiarekin) bildu gara, eta egoeraren berri emateaz gain, analisi ekonomiko bat ere eman diogu”, azaldu dute beharginek, eta gaineratu dute enpresak uko egin diola 400.000 euro inguruko diru-kopuru baten nondik norakoak argitzeari. “Bilera horretan argi geratu zen Aldundiak bere ardura saihestu nahi duela, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin beraiek ezartzen duten burokrazian ezkutatuta”.
Gauzak hala, langileen ustez, Bizkaiko Aldundiarena da gertatzen ari denaren ardura, eta erakunde hori jo dute 10 eguneko greba deitzearen erantzuletzat. “Borrokan jarraituko dugu gure lana aitortu eta gure lan-baldintzen murrizketak kendu arte. Foru Aldundiari eta Sergio Murillori esaten diegu ez dela ezkutatzeko unea eta aurrean izango gaituztela, gure eskubideak lortu arte mobilizatuz”.
Iaztik borrokan
Iaz ekin zioten Madres Mercedariaseko langileek mobilizatzeari, egoitzaren egungo zuzendaritzak ordura arteko lan baldintzak murriztu zituelako. Hainbat greba egun eta mobilizazio egin dituzte ordutik hona: