Orozkoko 11 baselizen ilustrazioak, museoan ikusgai

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 20a, 10:07
11 ilustrazio egongo dira ikusgai erakusketan. / Bizkaiko Ermiten Elkartea

Gaur arratsaldean inauguratuko da erakusketa eta ekainaren 5era arte egongo da ikusgai. 

Orozkon gaur egun dauden baseliza guztiak kolpe bakarrean ikusteko aukera egongo da herriko museoan gaurtik aurrera. Orozkoko ermiten luma-muturreko marrazkien erakusketa inauguratuko dute arratsaldean, eta ekainaren 5era arte egongo da ikusgai. 

Javier de Ibarra Zubiak egin ditu ilustrazioak. “Urte asko daramatza Bizkaiko baselizak marrazten. Hainbat liburu argitaratu ditu, baina hau da bere lehen erakusketa”, azaldu du Iñaki Garcia Uribek. Bizkaiko Ermiten Lagunak elkarteko kideak dira Javier eta Iñaki. 70 lagun inguruk osatzen dute taldea. “Hainbat profiletako pertsonak gaude: zientzialariak, antropologoak edota historialariak…”. 

18:00etan izango da inaugurazioa, eta ekitaldi berezia izango dela aurreikusi daiteke. Izan ere, Begoña de Ibarra bertaratuko da museora. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria da bera, eta Javier de Ibarra Zubiaren alaba ere bada. Iñaki Garcia Uriberen 12 urteko alabak (Udiarraga García Gastaka) ere parte hartuko du ekimenean, euskarazko hitzartzea egiteaz arduratuko baita. 

Ekainaren 3an, aldiz, ermitei buruzko hitzaldia eskainiko du Garcia Uribek berak. “Bizkaiko ermitei buruzko zenbait datu estatistiko partekatuko ditut, eta herri bakoitzak duen baseliza kopuruaren atzean dauden arrazoiak ere izango ditut hizpide”, aurreratu du etnografía adituak.

Orozkon zauden 18 baselizetako 6 betirako galdu dira

Erakusketako ilustrazio guztiak egongo dira salgai, 180 euroren truke. “Batzuk salduta daude dagoeneko. Elkartearen jarduna finantzatzera bideratuko dugu biltzen dugun dirua”. 

18 baseliza, 6 galduta

Gaur egun 11 baseliza daude Orozkon. “Guztiak daude egoera onean, bat izan ezik”, zehaztu du Garcia Oribek, “urtean behin soilik erabiltzen diren eraikinak dira, euren patroiaren egunean baino ez baitira elizkizunak egiten. Baina urteko gainontzeko egunetan ere zaindu behar dira: hautsa pilatzen da, lapurrak sartzen saiatzen dira…”. 

Historikoki, kofradiak izan dira mantentze lanak egiteaz arduratu direnak. “Orozkon ere badaude horrelako taldeak. Baseliza batzuen giltzak baserri batetik bestera pasatzen dira oraindik ere”. 

Baina ermita guztiak ez dira zutik mantendu. Garcia Uriberen arabera, mota horretako 6 eraikin desagertu dira herrian. “Galdu zen ermita horietako bat da erakusketaren kartelean agertzen dena. Museotik 20 metro eskasera zegoen, baina eraitsi egin zuten kale bat eraikitzeko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide