15. greba eguna izan dute gaur Madres Mercedarias zentroko langileek

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 26a, 22:30

Madres Mercedarias zentroko langileek greba eguna egin dute gaur. Jarraipena erabatekoa izan da eta grebalariek bereziki kritikatu dute Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako Diputatuaren esku hartze eza.

Madres Mercedarias zentroko langileek 15. greba eguna egin dute gaur, salatzeko euren lan baldintzak okerrera egin dutela. Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon Foru Aldundiaren aurrean, Orozkoko Ibarra auzunean eta Zubiaur plazan ere.

Zentroko enpresa kudeatzailearen jarrera aldatu nahi dute lanuzteekin: "Fundacion Aliados enpresak eta Madres Mercedarias Erlijio Kongregazioak negoziatzeko borondate ezari eusten eta murrizketei eusten dieten bitartean, murrizketa horiek justifikatzen dituzten datu ekonomikoak ezkutatzen jarraitzen dute. Guk argi daukagu nora joan den gure dirua: Fundacion Aliados por la Integracion-en poltsikoetara".

Dena den, gaur bereziki kritikatu nahi izan dute Bizkaiko Foru Aldundiaren jokaera, beharginen ustez, ez baita inplikatzen ari lan gatazkan. "Bizkaiko Foru Aldundiak, Sergio Murillo buru duela, egoera hau babesten du. Erabiltzaileak haien lehentasuna direla esaten duten bitartean, enpresa pribatuei saltzen diete pertsona hauen zaintza, eta enpresa hauek poltsikoak bete besterik ez dute egiten", adierazi dute ESK eta LAB sindikatuek ohar batean.

Zentzu horretan, gògoratu dute atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu zela Madres Mercedariaseko lan gatazka: "EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-en ekimenez, Gizarte Ekintzako diputatuak, Sergio Murillok, Ibarrako Madres Mercedarias gure lantokiari buruzko galdera banari erantzun behar izan zien. Sergio Murillok, beste behin ere, lantoki honen ezohiko kudeaketa onartu arren, beste aldera begiratzen du eta ez du bere gain hartzen titulartasun publikoa duen zerbitzu baten kudeatzaile gisa duen erantzukizuna. Sergio Murillok ez du azalpenik eman nahi izan elikagaien bankua erabiltzaileak elikatzeko erabiltzeagatik jarri dugun salaketari buruz, ezta Aldundiak zerbitzu publiko hori egiteko enpresari ematen dion dirua nora doan jakiteko zalantza arrazoizkoei buruz ere. Argi dago diru hori ez dela erabiltzen gure lan-baldintzak eta erabiltzaileen zaintzaren kalitatea hobetzeko".

Halaber, sindikatuek adierazi dute Murillok grebalariak mehatxatu zituela. Edonola ere, langileek ez diote uko egin diputatuarekin biltzeari eta berarekin harremanetan jartzeko asmoa dute: "Bilera bat eskatu dugu Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuarekin, azalpenak eskatzeko eta exijitzeko bere gain hartzea Fundacion por la Integracion enpresa ez babesteko konpromisoa eta Ibarrako zentroa langileentzako kalitate parametroetan eta baldintza duinetan mantentzeko erantzukizuna".

Argazkiak: Samuel Pasandin Sanchez, LAB eta ESK sindikatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide