Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Rozalén eta Zea Mays izatea Artiñano etxean ametsa betetzea izan da"

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 29a, 15:23

Aitzol Basaldua eta Enara Bravo Artiñano Etxeko jabeek azaldu dute nola bukatu zuten musikari ezagun horiek Orozkon grabatzen eta adierazi dute ametsa betetzea izan dela esperientzia. Izan ere, etxea bera da kantaren ardatza.

Gaur goizean sareratu du EITBko Gaztea kateko Kabia irrati saioak Ez naiz ni abestia. Kanta Artiñano Etxean grabatuta eta sortuta dago eta Aitzol Basaldua eta Enara Bravo nezakal etxeko jabeek argitu dute ideia Galder Izagirre saioko zuzendariarena izan zela: "Berak artistak elkartzen ditu lan bat sor dezaten eta Artiñano Etxea ezagutzen zuenez, Rozalén eta Zea Mays batzea bururatu zitzaion. Berez, leku aproposa iruditzen zitzaion inspirazioa bilatzeko".

Emaitzaren aldetik, oso pozik daude Artiñanoko kideak. "Oso naturala izan da sortu dutena", aipatu du Bravok.

Aitzol Basaldua, aldiz, oso hunkituta dago: "Etxeari omenaldia da eta horri buruz hitz egiten du abestiak. Oro har, bezeroak etortzen direnean, taldeko bati azaltzen dizkiogu etxearen nondik norakoak, baina Rozalén bakarrik etorri zenez, berarekin denbora luzez egon ginen hitz egiten eta azalpenak ematen. Bera oso adi egon zen eta gure sorpresa izan da abestiaren letra etxeari buruzkoa dela: haritza, egurra, sustraiak... Etxearen itxura ez ezik, bere arima eta mantentzeak eta zaintzeak zer suposatzen duen ere landu dute".

Edonola ere, Basaldua hunkituta zegoen aurretik: "Gu musikariak gara eta hemen jam saioak egin ditugu. Horrelako musikari ezagunak guren izatea, grabatzea, eta gurekin egotea ametsa betetzea izan da".

Grabaketari dagokionez, egun bakarrean egin zuten guztia artistek. "Etxeko gela ezberdinetatik mugitu ziren" erantsi du Enara Bravok. Sortzaileen arteko harremanari buruz galdetuta, biek oso argi dute: "Oso naturalak eta jatorrak dira. Pentsatzen genuen agian, jende ezaguna denez, txikiak egingo ginela euren aurrean, baina ez. Oso ondo moldatu ginen, eta ez bakarrik eurekin, baita talde teknikoarekin ere. Talde txikia zen, intimitatea mantentzeko".

Lan honetan catering ardurak ere hartu zituzten Artinaño Etxeko kideek eta ohiko lana baino nekezagoa izan arren, oso pozik daude emaitzarekin.

EITBk berak bideoa plazaratu du grabaketaren giroa islatzeko:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide