Orozkok espero du aste honetan konpontzea ur horniketarekin duen arazoa, ia 300 herritarrek ez baitute ur edangarririk

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 22a, 07:00

Urigoitin kokatutako iturria. / Orozkoko Udala

Urak ez ditu kontsumorako baldintzak betetzen Urigoitiko horniketa linean irailaren 13tik, zikin baitago.

Orozkoko 293 bizilagunek ezin dute ura edan ohiko horniketa zerbitzua baliatuta. Izan ere, Urigoitiko azpiegiturak ura zikin eramaten du eta horrek eragina du ere ondorengo tokietan: Aresketan, Ugalden, Ugarten, Ibarran, Gotxin, Altamiran, Zabalekon, Errugutun, Ganzabalen, Albizuan, Epaltzen, Goikirian, Arrugaetan, Azkarain, Aranen, Garailatzen, Ellakon, Olabarri-Andikoan, Astoagan, Goirigitxin, Okelurin eta Dendarearten.

Orozkoko Udalak irailaren 14an jakinarazi zien auzokideei ezin zela ura kontsumitu eta geroztik bi bilera izan ditu uraren kudeaketa bere gain hartu duen enpresarekin. Azkenengoa atzo izan zen eta arazoaren jatorria zein konponbidea landu zituzten.

Pedro Mari Intxaurraga alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, arazoa da zikin dagoela Gorbeiatik Urigoitiko depositora jaitsi den ura. Tarte horretan araztegia ez dagoenez, uraren kalitatea jaitsi da eta toki batean aluminio arrastoak ere topatu dituzte.

Edonola ere, alkateak adierazi du egoera pasa den asteko euriek sortu zutela: "Euria egin zuen sano Gorbeian, ekaitzak bete-betean jo zuen, eta ur hori depositora jaitsi da. Dena den, espero dugu hurrengo egunetan ura berriro edangarria izatea".

Epe ertainera, ordea, Intxaurragak aipatu du obrak egin beharko dituztela, Urigoitira heltzen diren urak arazteko: "Hori adostu dugu enpresarekin eta espero dugu pare bat hilabetetan gabezia hori konpontzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide