Iragan asteburuan Espainiako hezte klasikoko txapelketa izan zen Madrilgo Las Cadenas klub hipikoan. Hiru eguneko proba izan da eta Arrietta Ruiz Goirik 3. postua erdietsi zuen hasteko eta 2. postuak eskuratu zituen beste bi egunetan. Horrenbestez, 12 urteko amazonak zilarrezko domina eraman zuen kimu kategorian eta bere senideek argitu dute "oso pozik" daudela.
Izan ere, aurretik ezarritako helburua oso bestelakoa zen; finalera heltzea eta lehen hamazortzi sailkatuen artean egotea. "Egia da Ariettak marka onak zituela, baina soilik euskal parte-hartzaileen artean bazeuden emaitza hobeak eta lehen aldia da lehiatu dena. Berez, Esferico zaldiarekin soilik egon da urtarriletik, eta amazonaren eta animaliaren arteko harremana landu beharra dago. Prozesu bat da", argitu du bere amak.
Entrenatzailearen garrantzia
Familiak azpimarratu nahi izan du Andoni Fuentes Unzaga entrenatzailearen lana emaitza horiek lortzeko: "Berak aholkatu gintuen Esferico zaldia erosteko, eta buru-belarri aritu da Ariettarekin; bere lorpena ere bada".
Hezte klasikoa
Kirol mota honek Erdi Aroan dauzka erroak eta zaldiaren dotorezia zein gizakiarekin duen koordinazioa neurtzen dute epaileek. Horretarako zenbait ariketa egin behar dituzte amazonak eta zaldiak. Diziplina olinpikoa ere bada.