“Zu ez bazara sentitzen gai ariketa bat egiteko, zaldiak ez du egingo, zuk sentitzen duzuna sentitzen baitu”

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 9a, 07:00

Esferico zaldiarekin lehiatu da Arietta Ruiz orozkoarra. / Aiaraldea.eus

ARRIETTA RUIZ GOIRI (Orozko, 2010) orozkoarrak hezte klasiko kirol hipikoaren zilarrezko domina eskuratu zuen Espainiako Txapelketan. Ezustea izan zen berarentzat eta hurrengo urteko txapelketan pentsatzen ari da jadanik.

Madriletik itzuli zara Espainiako Txapelketako zilarrezko dominarekin, zelako esperientzia izan da?

Oso ona. Ez nuen espero. Berez, nire helburua finalera heltzea zen. Hortaz, domina lortzea poztasun eta alaitasun handia izan da. Izan ere, aintzat hartu beharra dago nire zaldia oso gaztea dela etez dakidala ariketa asko nola egin.

Nolakoa izan da txapelketako giroa?

Kanpotik itxura solemnea dauka, baina gure artean giroa oso ona da eta elkar laguntzen dugu. Oro har, ondo konpontzen naiz hipikako lagunekin, nik laguntzen diet zaldia eramaten eta eurek gauza bera egiten dute.

Nola hasi zinen kirol hau egiten?

Betidanik gogoko izan ditut animaliak, eta horien artean zaldia. Bost urterekin izena eman nuen hipikan eta hasi nintzen zaldian ibiltzen. Hau da nire lehen lehiaketa hipikan.

“Kirol honek oso itxura solemnea du kanpotik, baina elkar laguntzen dugu lehiakideok”

Nola definituko zenuke kirol hau?

Ahalegin handia exijitzen du eta zaldiarekin asko landu behar da harremana. Hain zuzen, talde bat osatzen duzu animaliarekin eta zu ez bazara gai zerbait egiteko edo ez bazara prest sentitzen, zaldiak ere ez du egingo. Izan ere, berak sentitzen du zuk sentitzen duzuna.

Hezte klasikoan zenbait ariketa egin behar dira eta epaimahaiak nota jartzen dio egin duzun horri.

Amazona ona izateko zer behar da?

Binomio ona osatu behar duzu zaldiarekin eta beharrezkoa da asko praktikatzea. Harreman ona ezinbestekoa da, animaliarekin eta irakaslearekin. Gero zure partea egin behar duzu eta zaldiak ere.

Zergatik hautatu zenuen Esferico zure zaldia izateko?

Andoni nire entrenatzaileak ekarri zuen eskolara, ni hasi nintzen gidatzen eta harreman ona izan genuen hasieratik. Ondo konpondu ginen eta nire gurasoek erabaki zuten nire urtebetetzean oparitzea. Hau da nire lehen zaldia.

Nola definitzen duzu Esferico?

Oso ona eta ausarta da. Heldu zenean beldurtia zen, baina nirekin dagoenean beste zaldi bat dirudi, ausarta baita. Egia da noizbait izutzen dela, baina ni gai naiz bera lasaitzeko.

“Esferico beste zaldi bat dela dirudi nirekin dagoenean, ausarta baita”

Nola landu duzu harreman on hori Esfericorekin?

Ez da lantzea, animalia ondo tratatu behar duzu eta horrela sortzen da. Berak ulertzen nau ni eta nik ere ulertzen dut bera.

Zenbat entrenatu behar duzu astero?

Astero lau aldiz, asteburua barne. Dena den, lehiaketa badago, saiatzen naiz bost edo sei aldiz entrenatzen astero.

Eta egun batean ez duzunean entrenatzen, nabaritzen duzu zaldiak falta sumatzen duela?

Ez, baina noizbait ez du entrenatzeko gogorik, edo ez daki nola egin ariketa bat, edo ez du ulertzen zer egin behar duen. Hala ere, asko ulertzen du.

Zuk zure kabuz landu behar duzu zerbait?

Ez, zaldiarekin osatzen dut binomioa eta bat gara. Finean, guztia egin behar dut berarekin.

Behin zilarrezko domina lortuta, zein helburu duzu orain?

Urriaren 29an Iparraldeko Federazioen Kopan lehiatuko naiz Logroñon, eta gero hurrengo urtean kategoria aldatuko dut, haur kategoriara igaroko naiz. Espero dut asko lan eginda Espainiako Txapelketan aritzea berriro.

Nolakoa da kirol hau egitea? Norbait gehiago ezagutzen duzu eskualdean aritzen dena?

Ez, ez dut inor ezagutzen, baina nire lagunek babesten naute eta horrek indarra ematen dit.

Zer ematen dizu kirol honek? Zergatik motibatzen zaitu horrenbeste?

Kirol honek zaldiarekin konfiantza edukitzea ematen dit eta asko motibatzen nau ikusten dudalako hitz egin gabe ulertu ahal garela eta elkar lagundu.

Zergatik da berezia amazona eta zaldiaren arteko harremana?

Zaldiarekin 24 orduz ez bazara bizi ere, maskotekin egiten dugun moduan, honek leialtasuna erakusten dizu. Ez da pozik jartzen ikusten zaituenean, txakurrek egiten duten moduan, baina sentitzen dut ezagutzen nauela eta elkar ulertzen dugula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide