Orozko Eskolako Kontseiluan aritzen diren gurasoek testua zabaldu zuten astelehenean euren blogean eta sare sozialetan. Ekimen horren bidez eskatu diete herritarrei udal aurrekontuen proposamenen bilketa fasean (urriaren 20ra arte dago indarrean) eskatzea dirua bideratzea eskolan konponketak egitera.
Izan ere, gurasoen aburuz, mantenua ez da egokia ikastetxean eta hezetasunak eta gune kaltetuak daude, bereziki jantokian, non zuloa dagoen sabaian, baina baita beste gune batzuetan ere, gimnasioan kasu. Berez, gurasoek nabarmendu dute irakasle bat erori zela irailean baldosa apurtu baten erruz eta oraindik bajan dagoela.
Euren ustez, horrek segurtasun arazoak sortzen ditu eta arriskuan jartzen ditu umeak. Hori ez ezik, idazkiak jasotzen du jadanik osasun ikuskaritzaren bisita ere izan dutela, ikastetxeak astebete daramalako ur berorik gabe.
Udalbatzan eztabaida
Asteartean bertan ohiko osoko bilkura egon zen Orozkon eta erregu eta galderen txandan EH Bilduk hainbat galdera egin zizkion alkateari aferari buruz eta kritikatu zuen eskolaren egoeraren berri herritarren partez jaso izana, udal hezkuntza batzordean ez baita informazio guztiarekin landu gaia.
Pedro Mari Intxaurraga alkateak luze hitz egin zuen eskolari buruz. Hasteko, aitortu zuen obra eta konponketa ugari egin behar direla oraindik, baina ukatu zuen utzikeriarekin jokatu izana. "Gauza batzuetan arrazoia dute, obra guztiak ez baitaude eginda, baina beste batzuetan ez. Adibidez, lan batzuk burutu ditugu eta beste batzuk ezin izan ditugu egin. Esaterako, jolastokiko hesi bat konpontzeko materialak ez dira heldu, nahiz eta duela lau hilabete eskatu genituen, lantegiak ez ditu bidali", azaldu dio gaur Aiaraldea Komunikabideari.
Bere iritziz, arazoaren muina da Udalak ez duela bitarteko ekonomiko nahikorik aldi berean lan guztiak egiteko. Bestalde, ordezkariak ezintasuna agertu zuen zenbait arazo konpontzeko: "Jantokiko itoginean hiru aldiz esku hartu dugu brigadaren bitartez, baina ez dira gai izan arazoaren iturburua topatzeko. Guk lehenesten dugu gure bitartekoekin egitea konponketak eta ez da posible izan, kontratazioa bideratu beharko dugu".
Hain zuzen, Adieko buruak ziurtatu du azkenaldian 50.000 euroko inbertsioa egin dela ikastetxean eta alkateak berak aipatu zion EH Bilduri ez dela diru asko, ikastetxean dagoen egoera aintzat harturik.
Horrez gain, kontseiluko gurasoei leporatu zien nahasmena sortzea, testuan agertzen diren zenbait obra jadanik egin direlako eta beste batzuk bidean daudelako: "Psikomotrizitate gelan linoleoa aldatu zen udan eta beste gela batzuetan egingo da Gabonetan, udan ez baikenuen denbora nahikorik izan dena bukatzeko. Jantokiko baldosa apurtuak asteburu honetan bertan ordezkatuko dira".
Halaber, nahasmen horren barruan, alkateak argudiatu zuen jantokiko mahaiak aldatzea ez dela tokiko eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Ur beroaren faltaren harira, Intxaurragak azaldu zuen bigarrez aldiz matxuratu dela berogailua: "Lehenengo aldian gure bitartekoekin konpondu genuen, baina orain hori ez da nahikoa eta ordezkatu behar dugu. Horregatik idatzi du osasun ikuskariak txostena".
Informazio gehiago hurrengo udal osoko bilkuran
Erregu eta galderen bigarren txandan, EH Bilduk esan zion alkateari eskolako zuzendaritzak emandako 18 kalteen zerrendari buruzko informazioaren gaineko galdera ez ziola erantzun. Intxaurragak konpromisoa hartu zuen hurrengo udalbatzan lan horiei guztiei buruz mintzatzeko banan banan, "dokumentazio guztiarekin".
EH Bildurentzat, utzikeria kasua
EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du gaur bertan bere iritzia plazaratzeko eta azpimarratu du, bere ustez, udal gobernuaren utzikeriaren emaitza dela egungo egoera. Alde batetik, argudiatu du konponketa zerrenda 2022ko urtarriletik duela tokiko erakundeak.
Bestetik, koalizioak aldarrikatu du obrak kontratatzeko emergentziazko prozedura baliatu daitekeela, iaz 260 kontratazio egin zirelako horrela: "egoera hau ez da baliabide ekonomikoen eta inbertsio faltaren eraginez sortu, eskolaren egoera Adieren kudeaketaren ondorio zuzena dela uste du EH Bilduk".