OrozkoRock jaialdiaren III. edizioaren ostean, lantaldeko kideak abian jarri dira berriz. Urriaren 28an egingo dute hurrengo ekintza: Aitor Gorosabelen elkarrizketa musikatua. Su Ta Gar euskal metal talde ezaguneko abeslaria eta gitarra jolea da Gorosabel. Laukote eibartarrak 30 urte baino gehiago daramatza eszenatokiak astintzen, eta ospe handia lortu dute Euskal Herrian zein nazioartean.
Ibilbide oparo horretako bizipenak kontatu, eta urte luze hauetan sortutako kanta ezagunenak akustikoan joko ditu Gorosabelek datorren urriaren 28an Orozkoko Jentilzulo kulturgunean eskainiko duen elkarrizketa musikatuan. Goio Ramos musikari ugaotarrak gidatuko du solasaldia.
Elkarrizketa ikusteko sarrerak Itxina tabernan egon dira salgai bost eurotan. Baina, antolatzaileek jakinarazi dutenez, txartel guztiak agortu dira honezkero. Horrenbestez, Jentilzulo kulturgunea goraino beteko dute Su Ta Gar taldearen jarraitzaileek. OrozkoRock elkarteko kideek “emozioz beterik eta pozez gainezka” heldu diote hitzordu berri honi.
Rock doinuak Orozkon
2019an antolatu zuten OrozkoRock jaialdiaren lehenengo edizioa. Herritar talde batek Orozkon musika eta kultura sustatzeko sortutako egitasmo batetik abiatu zuten proiektua, herritarrak ahaldundu eta musikaren baitako eskaintza kultural oparo bat mahaigaineratzeko helburuarekin. Jaialdiaren hiru edizio antolatu dituzte dagoeneko, horietako bat pandemia egoerak zeharo baldintzatuta, eta fama handiko bandak igaro dira eskualdeko herri txikitik: Toundra, Niña Coyote eta Chico Tornado edota Ezpalak, besteak beste.