Ordezkaritza Organo Gorena (OOG) edo Eskola Kontseilua, izenak adierazten duen moduan, eskola komunitatea osatzen duten sektore ezberdinen ordezkaritza eta parte-hartze organo gorena da.
Bertan, familiek, irakasleek, ikasleek eta udal ordezkariek eskolaren funtzionamenduari dagozkion hainbat kontu adosten dituzte: ordutegiak, egutegiak, urteko planak, garraioa, jantokia, lanak, antolakuntza- eta jarduera-araudiak...
Zehazki, 13 irakaslek, 15 gurasok, zerbitzu langile batek eta udal ordezkari batek osatzen dute Eskola Kontseilua. Gurasoek sei ordezkari berriztu behar dituztenez, jende berria animatu nahi dute bertan parte hartzera. Horietako lau aukeratuak izango lirateke eta beste biak erreserbarako dira.
Oharrean azaldu dutenaren arabera, ordezkarien helburua “eskolako familien interes komunak defendatu eta eskola eta familien arteko komunikazioa erraztea izango da”.
Horretarako, hautatutako ordezkariek hiru hilean behin egiten den Kontseiluko bilera presentzialean parte hartu beharko dute. Horrez gain, taldeko gurasoekin harremana mantentzea da eskatutako beste konpromisoetako bat. Ohikoan, Whatsapp bidez antolatzen direla argitu dute eta, bilerak egitekotan, gutxi izaten direla eta haurrak bertan egon daitezkeela.
Izena emateko, zuzendaritzara gerturatu besterik ez dute egin behar interesdunek. Bertan Kontseiluko ordezkariak aurkituko dituzte haurren sarrera eta irteera ordutegian. Edonola ere, helbide elektronikoa ere zabaldu dute edozein zalantza argitzeko: orozkokogurasoak@gmail.com