IZARO BLANCO PIKATZA

“Munduko Txapelketa irabazi izana ez da mugarri bat niretzat, lehiaketa gehiago irabazi nahi ditut”

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 25a, 07:00

Munduko txapelduna da borrokalari orozkoarra. / Aiaraldea.eus

IZARO BLANCO PIKATZA (Orozko, 2010) munduko txapelduna izan da Venezian, light contact diziplinan, eta munduko bigarren kick lighten. Lorpen handia izan bada ere, gaztea etorkizunera so dago jadanik.

Veneziara joan zinenean uste zenuen munduko txapelduna eta txapeldunordea izango zinela?

Konturatu nintzen, joan baino lehen, oso lasai nengoela, asko entrenatu nuelako eta hainbat irteera egin ditudalako jadanik selekzioarekin. Esperientziak laguntzen du.

Hala ere, ez nuen espero txapelduna izatea, baina bai borrokaren bat irabaztea.

Duela gutxi aipatu zenuen zure helburua zela urduri ez jartzea.

Bai, oro har, izugarri urduritzen naiz lehiatzean eta zentzu horretan hobetu dut. Ez dut landu, uste dut asko entrenatzeak konfiantza eman didala.

Montenegron eta Turkian ibili zara aurretik, esaterako, baina egonaldi hau oso luzea izan da.

Bai, egun pilo izan dira. Irailaren 29tik urriaren 9ra, hain zuzen. Ikaragarria izan da, jende asko ezagutu dut, herrialde ezberdinetakoak, irabazi dut... Mundiala izan da.

“Ringa oso gogoko dut, baina tatamia izan da ateak ireki dizkidan diziplina”

Diziplina batean txapeldun izan zara eta bestean txapeldunordea, zein ezberdintasun egon da?

Light Contacten irabazi dut. Ezaugarri nagusia da ezin dela eman ostikorik gerriaren azpitik. Kick Lightean, aldiz, hanketan ostikoak emateko aukera dagoela, bigarren izan nintzen. Arraroa da, nik entrenatzen baitut K-1 kirolean -belaunak ere erabili ahal dira- eta hobeto ematen zaidan diziplina da Kick Lighta, baina aurten Light Contacten Turkian ere irabazi nuen Open bat. Harritzen nau, ez baita nire diziplina.Aipatu beharra dago, teorian, txapelketan kolpeak arinak izan behar direla, baina gogor jotzen dute nazioarteko txapelketetan. Ez dute potentzia kontrolatzen.

Nola bizi izan dituzu txapelketetako borrokak?

Nahiko ondo, baina galdu nuen finalean, ez nuen nire burua oso ondo ikusi. Ongi hasi nintzen, baina azken asaltoan joan zitzaidan lehia. Dena den, oro har, pozik geratu naiz egindako lanarekin. Entzun dut entrenatzaileak esaten zidana eta lasaitasunez borrokatu naiz.

17 urterekin munduko txapelduna izanik, zein erronka geratzen zaizkizu?

Aurten Espainiako Txapelketa dago eta irabazten badut, Europakoa. Open batera joatea nahiko nuke ere, Austriara, WAKO sailkapenean puntu gehiago lortzeko. Nahiko nuke Olinpiadetara joatea, baina hori ametsa da.

18 urte betetzean ringean aritzeko asmoa duzu?

Aurten jarraituko dut juniorretan, 18 urterekin amaitzen delako. 19 urterekin senior kategoriara pasako naiz. Ni tatamian borrokatzen naiz, baina nahiko nuke borrokaren bat ringean egitea. Biak oso gogoko ditut, baina tatamia zabalduago dago. Azken finean, tatamiak eman dit dena. Ez dut baztertzen borrokaren bat egitea ringean, baina ateak ireki dizkidana izan da tatamia. Ringeko borroka batzuk egin nahi ditut, baina lesioak ezberdinak dira eta zaila da nazioartean aritzea. Borrokak ez dira txantxak eta badaude Azerbajan edo Uzbekistan bezalako herrialdeak, zeinen oso gogorrak diren. Horregatik oso ezberdina da Euskal Herrian edo estatuan borrokatzea eta nazioartean egitea. Gainera, borroka asko behar dira atzerrira ateratzeko, hortaz, momentuz baztertzen dut.

Zein izan da munduko txapelduna izteko ibilbidea?

Kick Boxing egiten hasi nintzen hiru edo lau urterekin. Espainiako Selekzioan 2016an hasi ziren ni hautatzen. Nire nebagatik hasi nintzen, berak ere egiten zuelako. Sei edo zazpi urterekin pentsatu nuen agian ainguratuta geratzen ari nintzela, nire lagunek patinajea edo beste kirol batzuk egiten zutelako eta utzi nahi nuen, baina jarraitu egin nuen, irabazten hasi nintzen eta gehiago gogoko izan nuen. Dena izan da nire nebagatik, Espainiako Txapelketara joaten nintzenean bera ikusteko zen. Ikusi nuen borrokalariek harremana zutela euren artean, kamisetak trukatzen zituztela... Garai hartan nire neba lau aldiz izan zen Espainiako Txapelduna eta horrek ere animatu ninduen.

Zer nolako harremanak dituzu zure aurkariekin?

Oso onak. Aurten munduko txapelketan ikusi ditut iaz ezagututako batzuk: Poloniakoak, Italiakoak... Kirol honek basatia dirudi, baina borroka amaitzen denean, lagunak gara. Kamisetak trukatzen ditugu, argazkiak egiten ditugu... Gure alde basatia tatamian geratzen da, aurkariak lagunak dira kanpoan eta harremanak oso onak dira. Selekzioko kideekin harremana ikaragarria izan da, batzuekin hainbat urtez aritu bainaiz.

Senior mailan asko aldatuko da dena?

Bai. Oraindik falta zait urtebete juniorren, baina gehiago entrenatu beharko dut. 19 urtetik 39 urtera arte heltzen da kategoria eta ez da gauza bera 20 urteko kirolari bat eta bizitza osoa eman duena Kick Boxing egiten. Jadanik pilo entrenatzen dut, baina egoera ezberdina izango da. 16 edo 17 urterekin kontrolatzen dituzu aurkariak, gutxi direlako. Seniorren, ordea, ezin dituzu aurkari guztiak kontrolatu. Zailagoa izango da. Munduko Txapelketan kategoriak banatzen dira eta ezin izan ditut seniorrak ikusi, baina Turkiako Openean ikusi nituen eta borrokalariek helburu ezberdinak dituzte. Adibidez, niretzat irabaztea garrantzitsua da, baina orain Kick Boxinga kirol olinpikoa izango dela, seniorrek irabazi behar dute, bai ala bai, Olinpiadetan egoteko. Hori jokoan dago.

Klub ugaritan ibili zara, gaztea izan arren.

Bai, orain Portugaleten nago, Contact Clubean. Oso pozik nago, familia ikaragarria da niretzat eta entrenatzaileak onenak dira, jartzen diotelako arreta hasieratik amaierara arte. Klub askotan egon naiz eta bakoitzetik ekarpen garrantzitsuak atera ditut, baita jendea ezagutu ere. Egungo gimnasioan, ordea, Marokoko Txapelduna da nire entrenatzailea eta izugarria da.

17 urterekin munduko txapelduna izateak aldatu dizu bizitza, lagunekin, adibidez?

Jendeak esaten dit transmititzen dudala munduko txapelduna izatea erraza edo sinplea dela. Egia esanda, ni oraindik ez naiz kontziente. Jendeak eta nik ez dugu berdin ikusten. Selekzioan dagoen jendearekin gehiago ulertzen dut elkar horretan. Azken finean, nik uste dut txapelketa gehiago irabazi ahal ditudala. Hau ez da muga, ez dut guztia irabazi, gehiago entrenatu behar dut eta jendeak ez du hori ikusten. Badago estatu espainiarrean neska bat zeinak bederatzi aldiz irabazi zuen Munduko Txapelketa.  Txapelketa bat irabazi edo galdu, amaitzen denean, hurrengoan pentsatzen hasten naiz. Ainguratzen banaiz garaipenetan, ez dut hobetuko. Izan ere, aurten Munduko Txapelketan Italia garaitu izanak ez du esan nahi hurrengo urtean Europako Txapelketan menderatuko dudanik berriz.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide