Dagoeneko abiatu da Orozkoko Film Laburren Lehiaketa, Supelaur kultur elkarteak antolatuta eta Orozkoko Udalaren laguntzaz. Obrak aurkezteko epea azaroaren 28ra arte egongo da zabalik. Lehiaketan parte hartzeko, interesdunek supelaur.kt@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte bideoak.
Ohi bezala, rallya ere eskainiko dute, abenduaren 1etik 2ra, ostegunetik ostiralera. Lanak entregatzeko epea ostiraleko 17:00etan bukatuko da. Parte-hartzaileek pendrive batean aurkeztu beharko dituzte lanak Supelaurreko lokalean, MP4 formatuan.
Ikus-entzunezko bi norgehiagoka hauek, film laburren lehiaketa eta rallya, publiko orokorrari daude bideratuta, hots, adin guztietako herritarrak lehiatu daitezke. Ohikoan gazteen eta helduen presentzia handiagoa izan bada ere, haurrek ere eman dezakete izena. “Gustatuko litzaiguke haurrek ere parte hartzea”, adierazi du antolatzaileek.
Tresneria ere ez da arazoa. Kamerarik ez duten herritarrek sakelakoarekin grabatu dezakete. “Gaur aukera asko daude film laburrak sortzeko. Mugikorrekin grabatutako gauza dezenteak jaso ditugu”.
Euskararen garrantzia
Aurreko edizioetan bezala, txapelketara zein rallyra aurkezten dituzten ikus-entzunezkoak euskarazko lanak edo euskaraz azpititulatuak izan behar dira. Izan ere, euskara sustatzea izan zen ekimen hau abiatzeko arrazoietako bat. “Erreminta interesgarria iruditu zitzaigun herriko kultura-ekintza eta euskara bultzatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Bestelako baldintzak
Iraupena, ordea, ezberdina izango da proba bakoitzean. Abian den lehiaketako filmek 11 minutu inguruko luzera izan beharko dute, eta rallyan 3 minutuko iraupena izango da muga.
Lehiaketaren kasuan, gaia librea izango da. Rallyan, aldiz, antolakuntzak abenduaren 1eko 18:00etan jakinaraziko du zer gai jorratu beharko duten; horrenbestez, egun bat baino ez dute izango ideia bat pentsatzeko, gidoia idazteko, film laburra grabatzeko eta bideoa muntatzeko.
Sariak
Bi sari egongo dira, epaimahaiarena eta publikoarena. Lehiaketara zein rallyra aurkeztutako lan bana hautatuko ditu epaimahaiak; 250 euroko saria jasoko dute garaile horiek. Horrez gain, obra guztien artean, publikoaren saria ere banatuko dute, beste 250 euro.