'Agur artzai' dokumentala hautatu du Bilboko Mendi Film Festivalek bere XV. edizioko sail ofizialean lehiatzeko. Estatu Batuetako, Poloniako, Alemaniako edota Kanadako beste 58 pelikulekin egongo da lehian Julen Zubieteren euskarazko lan hau eta lehenengo aldiz ikusiko dute Mendifilmen pantaila handian.
Berez, zinemagile orozkoarrak aste honetan bukatu behar du film laburraren ekoizpena. "Ez dakit behin betiko bertsioa izango den, agian gero xehetasun batzuk aldatzen ditut, baina 27 minutuko pelikula amaitu behar dut aste honetan jaialdiaren esku geratzeko", argitu du zuzendariak.
Gorbeia, artzaintza eta bizitza
'Agur artzai'-ren protagonista nagusia Jose Ereño da, Gorbeian aritutako azkenengo artzainetako bat. "Jose ezagutzen dut txikitatik eta bere bizitza islatu nahi izan dut filmean. Izan ere, bere existentzia desagertu den bizimodu baten lekukotza da".
Gorbeiako artzaintza eta desagertutako bizimodu hori garrantzitsuak dira filmean, baina zuzendariaren bizitzaren zati bat ere agertzen da
Horretarako baliatu ditu Zubietek Ereñori egindako elkarrizketak, baina harago ere joan da. "Egia da artzaintza garrantzitsua dela pelikulan, baina biok elkar ezagutzen dugunez ni txikia nintzenetik, nire bizitzaren zati bat ere badago dokumentalean", nabarmendu du zuzendariak.
Grabaketa prozesua
Gorbeia presente badago ere, film gehiena Ereñoren baserrian dago grabatuta, Sendegi auzunean. "Denbora luze eman dut Joserekin grabaketak egin baino lehen, bera ikusten bere egunerokoan. Horri esker, esan dezaket lehen harremana genuela, baina orain estuagoa dela" adierazi du Zubietek.
Gainera, zuzendariak uste du zorte handia izan duela: "Jende gehienak bere jarrera eta portaera aldatzen du kamara aurrean, baina Josek ez. Ez dakit zergatik, agian adinagatik edo, baina grabatzen genuenean eta nire galderei erantzuten zienean, bazirudien kamerarik ez zegoela erdian. Den moduan agertzen da".
Jaialdi gehiago
Estreinaldiaren ondoren, 'Agur artzai' banatzaile baten esku geratuko da, eta urtebetez hainbat jaialditara bidaliko dute. "Mendi Film Festivalean nik aurkeztu nuen pelikula, baina gero banatzaileak kudeatuko du hori" argitu du orozkoarrak.