Urtero bezala, urriko azken igandean Gaztaina Eguna ospatuko dute orozkoarrek. Gaztainak euskal jendartean izan duen garrantzia goraipatzeko eta honen bilketa ospatzeko eguna izan ohi da. Orozkon bi hamarkada baino gehiago daramate jaia ospatzen eta, urtero bezala, mendi ibilaldia eta herri bazkaria antolatu ditu Supelaur kultur elkarteak.
Egunari 09:50ean emango diote hasiera Zubiaur plazan. Kirikiñausien ibilbidea egin nahi dutenek bertan hartuko dute Usabelera joango den autobusa dohainik. Zeharkaldian gaztainen morkotsak gordetzeko erabiltzen ziren kirikiñausiak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Gaztainen garrantziaz
Mendeetan zehar, gaztainak funtsezko elikagai izan dira Orozkoko eta inguruko biztanleentzat, bai dietari dagokionez eta baita ekonomiari dagokionez ere. Izan ere, orain gutxi arte, Aiaraldeko mendien magalak gaztainondoz eta haritzez josita zeuden.
Antzina, gaztainondoak zartakatu ondoren fruituak kurrikatxoekin jasotzen zituzten, minik ez hartzeko, eta saskietan biltzen zituzten. Ondoren, kirikinoz betetako zakuak kirikiñausietan husten zituzten. Kirikiñausiak metro eta erdiko garaierako harresi biribilak dira eta gaztainadian bertan eraikitzen zituzten. Orozkon dagoen handienak, Irukugietakoak, bi metroko garaiera eta zazpi metro eta erdiko diametroa du.
Kirikiñausietan mantentzen zituzten gaztainak urte osoan zehar, hostoz eta makilez estalita. Egun, Gorbeialdean zenbait mantentzen dira Supelaur kultur elkartearen zaintze lanari esker.
Menditik mahaira
Usabel auzotik abiatuko den Kirikiñausien ibilbidean, bisitariek Teileriko Labea, Atxuriko Errota eta bost kirikiñausi ezagutzeko aukera izango dute. Ibilbidea sei kilometro ingurukoa da eta edozeinek egiteko modukoa. Gainera, ibilbidea deskargatzeko aukera dago kartelean bertan dagoen QR kodea erabilita.
Ohi legez, ibilbideak goizeko erromeria baten laguntza izango du, eta Irukusgietako kirikiñausian (Orozkoko handiena) txorizoa eta gaztainak banatuko dituzte.
Eguna ez da bertan amaituko, ordea. 14:30ean frontoian bazkaltzeko hitzordua jarri dute Supelaur elkarteko kideek. Herri bazkaria izango da eta tiketak Itxina tabernan eta EzpelaBarrin jaso daitezke, 15 euroan helduentzat eta 8 euroan gazteentzat. Indabak eta sakramentuak prestatuko dituzte bazkaltzeko.