Euskal Herriko Bertso Txapelketa nagusirako autobusa antolatu dute Aiaraldeko bertso eskolek

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko aza. 2a, 07:00

Elizondon jokatu zen lehenbiziko finalerdia. / Bertsozale Elkartea

Autobusez  joan-etorria egiteko eskaintza egin dute Orozkoko eta Aiarako bertso eskolek. Emailez eman beharko dute izena interesdunek.

Abenduaren 18an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñean. Uneotan finalerdiak jokatzen ari dira bertsolariak, eta Maialen Lujanbio Zugasti da finaleko txartela eskura duen bakarra, bera baita egungo txapelduna. Hargatik, zuzenean sailkatu da finalerako. Gainontzeko 7 bertsolariek finalerdietako bigarren itzulian pilatu beharko dituzte puntuak. Hain zuzen, Amurrion jokatuko da horietako bat, azaroaren 19an Bañueta kiroldegian. 

Finalaren egunerako asko falta bada ere, Aiaraldeko bertso eskolak jarri dira jada antolakuntza lanetan. Sarrerak aspaldi agortu ziren, baina Iruñera hurbiltzeko garraio zerbitzua eskaintzea adostu dute Orozkoko eta Aiarako Bertso Eskolak. Izen-ematea posta elektroniko bidez egin beharko da, potolaribertso@gmail.com helbidera mezua bidalita, autobusez joan-etorria egin nahi duten pertsonen kopurua zehaztuz. Geldialdiak Amurrion, Laudion eta Orozkon izango dira. Irteera 8:00etan izango da Amurrion, eta jarraian beste herrietatik igaroko da autobusa. 

Finala 11:00etan hasiko da, eta egun osoz jardungo dute zortzi finalistek kantuan. Hargatik, itzulera ordua 21:30 aldera izango da, bertso eskolen ustetan. “Data hurbildu hala jarriko gara harremanetan interesdunekin, irteera eta itzulera ordua zehazteko”, adierazi dute. Bien bitartean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioez gozatzen jarraituko dute, emanaldi asko falta baitira. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide