Goizean goizetik feria usaina igarri da Orozkoko kaleetan. Batetik, 10:00etan abiatu dute Terreña arrazako Euskadiko Lehiaketa; eta abereek bete dute Hegoalden egokitutako gunea. Bestetik, inguruetako ekoizle eta artisauek euren postuak kokatu dituzte herriko gune anitzetan. Hala, eguraldia lagun, ehunka pertsona elkartu dira azokaren baitan atondutako eremuetan.
Hegoalde izan da Santa Luzia azokako iparra. Izan ere, abereen gunea ez ezik, bertan kokatu dute dastaketarako karpa eta tokiko ekoizleen azoka. Horiez gain, ez dira falta izan talo postuak.
Dastaketek ere ezaugarritu dute aurtengo edizioa. Hain zuzen, ogia, txakolina eta haragi hanburgesak probatzeko aukera eskaini dute antolatzaileek. Frontoia, aldiz, artisauen erakusketa eta salmenta gune bilakatu da goiz osoan zehar. Hala, asko izan dira abenduko bigarren larunbatean Orozkoko azoka egun handiarekin bat egin dutenak.