Zorrik gabeko udal aurrekontuak izango ditu Orozkok, lehenengoak 13 urteetan

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 27a, 13:00

Tokiko erakundeak urte luzez izan ditu zorrek baldintzatutako aurrekontuak./ O. U.

Ez-ohiko udalbatza egin zuten abenduaren 22an eta hasierako onarpena jaso zuen proiektuak ADIEren aldeko botoei esker. EAJk kontra bozkatu zuen eta EH Bildu abstenitu zen.

Abenduaren 22an onartu zuen Orozkoko udalbatzak, ez-ohiko saioan, 2023ko aurrekontuen hasierako onarpena. Hurrengo urteko aurreproiektuaren alderik nabarmena da 13 urteetan lehenengo aldiz hasiko duela udalak bere jarduera zorrik gabe. Aurreko ekitaldian 1.237.529 eurokoa zen zenbateko hori. 

2022ra arte, 1.000 eta 10.000 biztanle bitarteko herrien artean Orozko izan da Euskadiko udalerririk zorpetuena

Horrez gain, iazko bitartekoak %9an handitu ditu, 5.855.830 eurokoa izango baita aurrekontua: 487.391 euro gehiago.

2023ko udal aurrekontua horrela banatuko da:

   • Oinarrizko zerbitzu publikoak: %32, 1.873.865,6, iaz baino 584.788,6 euro gehiago. 
    • Gizarte-babeserako eta -sustapenerako jarduerak: %27, 1.581.074,1 euro, hau da, 2022an baino 6.0482,1 gehiago.
    • Lehentasunezko ondasun publikoen ekoizpena: %22,6, 1.323.417,58 euro, hots, 133.312,5 euro gehiago. 
    • Jarduera ekonomikoak: %5,2, 304.503,16 euro, hau da. iaz baino 91.546,84 euro gutxiago.
    • Jarduera orokorrak: %13, 761.257,9 euro, hots, 4.157,9 euro gehiago.

Udal Gobernu Taldeak hurrengo proiektuak nabarmendu ditu:

    • Gizarte-ongizatearen arloan, bizikidetza-unitatea egoitzan abian jartzea, Orozkoko LGBT+ pertsonen bizitzei buruzko diagnostikoa eta horretan oinarritutako ekintza-plan integrala abian jartzea.
    • Abeltzaintza-arloan, Life Silfore proiektua, nekazaritzako eta basogintzako sistemen erresilientziarako, eta aurrekontu sinboliko bat Aiaraldeko hiltegi berrirako.
    • Hirigintzaren arloan, edateko uraren azpiegiturak hobetzea.
    • Dirulaguntzen arloan, auzoetako jai guztien eta elkarteen aurrekontua handitzea, %50 eta %35, hurrenez hurren.

Oposizioaren aldeko bozkarik ez

Bai EAJk zein EH Bilduk ekidin zuten babesa ematea aurtengo udal aurrekontuen proiektuari. Hain zuzen, jeltzaleak aurka agertu ziren, eta EH Bilduk abstentzioaren aukera hartu zuen. Biek argudiatu zuten tokiko erakundeak inbertsioetarako diru gutxi bideratuko dituela. Alabaina, Adiek gehiengoa duenez, onartuta geratu dira 2023ko udal aurrekontuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide