PEDRO MARI INTXAURRAGA

“Ukrainako hamabi lagun etorri ziren Orozkora gerra hasi zenean”

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 12a, 12:00

Pedro Mari Intxaurraga, Orozkoko Udaletxeko sarreran. / Aiaraldea.eus

Pedro Mari Intxaurraga Orozkoko alkateak 2022 urteko balorazioa egin du eta horretarako oso bestelako gaiei buruz mintzatu da: zentral 
eolikoak, ur hornidura sarea, Ukrainako gerra...

Garrantzi handiko bi lan gatazka gertatu dira 2022an Orozkon. Nola baloratzen dituzu?

Berez, Artiacheko greba iaz hasi zen, 2021ean, eta apirilean sinatu zuten lan hitzarmen berria. Gure aldetik, uste dut ahal izan dugun guztia egin dugula. Agian eurentzat ez da nahikoa izan, baina hamar batzar deitu ditugu, eurekin bildu gara, azaldu dizkigute arazoak eta gero enpresarekin ere elkartu gara. Aintzat hartuta lan hitzarmena sinatu zutela, suposatzen dut ados daudela, nahiz eta guztiz ez izan. Madres Mercedarias zaintza zentroko kasuan ere gure esku egindako guztia egin dugu. Hainbat aldiz batzartu gara eurekin, baina baita enpresarekin, mojekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, baina, tamalez, ez da hitzarmen berririk sinatu.

Pil-pilean egon den beste gai bat izan da zentral eolikoena. Berriki jakinarazi dizute beste bat eraiki nahi dutela udalerrian, Jesurikoaz (Larragorri) gain.

Balizko zentral eoliko berri horri dagokionez, Udalaren jarrera Larragorriko bera izango da, mozio bera. Legea ez bada parke eolikora moldatzen, ez dugu onartuko. Legea, Lurralde Plan Partziala eta Lurralde Plangintza Sektorialak ez badira betetzen, guk ez dugu oniritzirik emango. Horietan guztietan ez da agertzen zentral eoliko batek lekua duenik Orozkon. Hori ez bada moldatzen, guk ezezkoa emango diogu. Ez bakarrik Larragorrin, baita Untzuetan sortu nahi dutenari ere. Momentuz, etorri dira hau proposatzera: zortzi haize errota jartzea Orozkon eta beste hiru Zeberion. 

Larragorriko zentralaren ingurumen-inpaktuaren txostena bi edo hiru hilabetetan jasoko dugu eta orduan helegiteak jartzen hasiko gara, legea baliatuta. Uste dugu aukerak ditugula lehen urratsak gelditzeko.

Urigoitiko ur hornidura sareak ere arazoak sortu ditu udalerrian.

Bai, irailean ekaitz handia egon zen eta ur edangarria zikindu zen. Azaroaren amaieran obrak egiten  hasi gara eta Urigoitin araztegi txikia jarriko dugu. Ibarra, Gotxi, Albitzu eta Okeluriko urak araztuko ditugu eta gero punpatu. 298.000 euroko aurrekontu lanak izango dira.

Nola doa Bizkaiko Ur Partzuergoan sartzeko prozesua?

2018an egin genuen eskaera, baina horretarako ia hamaika milioi euroko inbertsioa egin behar genuela esan ziguten. Ez daukagu dirurik horretarako. Berez, inbertsioak izango lirateke ur azpiegitura guztiak egoera onenean uzteko partzuergoari, baina ez dugu bitartekorik hori egiteko.

Eta ez dizuete beste aukerarik eman, mailegua egitea edo?

Bizkaiko Ur Partzuergoak esaten digu Bizkaiko Foru Aldundira jotzeko eta Aldundiak erantzuten digu ezin digutela lagundu, partzuergoan ez gaudelako. Arrankudiaga-Zollo eta Karrantza egoera berean daude.

Eta ez dago konponbide bat topatzeko modurik?

Ez, gure kabuz egin behar dugu dena eta ikusiko dugu etorkizunean.

Zaintza esparruan ere egin duzue ekimen interesgarria eta txostena sortu duzue Orozkoko sistemaren egoerari buruz.

Mugak zeharkatzen dituen proiektua da, ez soilik Orozkokoa. Gipuzkoan eta Frantziako estatuan ere abian dago. Zenbat herritar nagusi dauden jakitea izan zen gure asmoa. 551 dira, 65 urtetik 80 urtera bitartean. Gainera, 80 urte baino gehiago dutenengana jo dugu, laguntza behar duten galdetzeko. Egia esanda, ikusi dugu nagusiak kontrolatuta daudela, bai senideen aldetik zein auzokideen aldetik.

Correosekin akordioa egin duzue, egoitza lekuz aldatzeko.

Bai, udaletxeko lonja batera igaro da zerbitzua. 30.000 euroko inbertsioa egin genuen han. Urtero 6.500 euro ordaintzen genuen alokairuan eta baloratu genuen merkeagoa zela gure lokala konpontzea eta erabiltzea.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Bai, Ukrainako Gerraren ondorioz dirulaguntza programa abiatu genuen. Izan ere, hamabi lagun etorri ziren Ukrainatik. Egun bi baino ez dira geratu. Hamabi horietatik, sei urtero etortzen ziren hona eta familia ezaguna da. Beste seiak Orozkoko herritar batek ekarri zituen. Haraino joan zen furgonetaz eta herrira ekarri zituen. Jadanik ia guztiak itzuli dira, baina esperientzia ona izan zen, eurak pozik ibili ziren. Uste dut Orozko izan dela Aiaraldeko bakarra horrelako laguntzak ematen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide