Alipio Ruano margolariaren lanak ikusteko aukera egongo da Orozkoko museoan otsailaren 7tik aurrera. Berez Castrokoa (Kantabria) den arren, artistak harreman handia du eskualdearekin, hainbat urtez aritu baita Laudioko Jaietako Txupinazo eguneko margo lehiaketan parte hartzen. Horrez gain, Orozkoko margo lehiaketan ere aritu zen iaz.
1978. urtean hartu zuen pintzela lehenbiziko aldiz. Autodidakta da berez, baina horrek ez dio sari eta errekonozimendu ugari lortzea eragotzi. Hainbat erakusketetan aritu da, eta bere artelanak ikusgai daude instituzio publiko zein pribatuetan, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Paisaiak zein erretratuak egiten ditu sortzaile kantabriarrak, eta bere lanen lagin bat ikusi ahalko da Orozkon.

Otsailaren 19ra arte ikusgai
Erakusketa otsailaren 19ra arte egongo da ikusgai. Egunero bisitatu ahalko da goizez, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan salbu. Ostiral eta larunbatetan, gainera, arratsaldez ere egongo da irekika, 16:00etatik 18:00etara.
