Europara iristen diren errefuxiatuei laguntzeaz arduratzen den Zaporeak elkarteak hainbat elikagai bilketa antolatu ditu larunbat honetan – otsailak 11 – lurrikarak kaltetutako errefuxiatuak laguntzeko.
Orozkon 12:00etatik 14:00ak bitarte plazan egongo dira elkarteko kideak elikagaiak banatzen. Arrigorriagako Eroski supermerkatuan ere 10:00etatik 14:00etara egongo dira eta, horrez gain, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Tolosan eta Bidebietan jarriko dituzte bilketa guneak.
Zaporeak elkarteak zazpi urte baino gehiago daramatza “gerratik eta bonbetatik ihesi egiten duten eta mediterraneoko uharteetara iristen diren errefuxiatu siriarrak modu duinean elikatzen”.
Elkartearen arabera, Siria, Kurdistan eta Turkia astindu dituen “7,8 graduko lurrikarak 1.800 hildako eta 7.400 zauritu” baino gehiago utzi ditu, eta errefuxiatuen eremuetan bizi diren pertsonei eragin die. “Siriako herrialdeak 11 urte baino gehiago daramatza gatazkan, eta, beraz, lurraldea suntsituta zegoen misil eta goseagatik. Lurrikara honek areagotu egiten du gerratik eta beldurretik ihes egiten duten errefuxiatu eremuetan bizi diren zaurgarritasun-egoera”, azaldu dute.
Orain arte egin duten bezala, “elikadura eta materialak eremu behartsuenetara helarazten dituzten erakundeak laguntzen” jarraituko dutela adierazi dute.
Bestalde, Kurdistanekin Bat ekimenak dei egin du ekarpenak Ilargi Erdi Gorri Kurdu taldearen bitartez bideratzeko, honek Rojavan ere egiten duelako lan (Siriako iparraldean kokatuta dagoen eskualde kurdua) eta “Turkiako Gobernu kurduekiko jarrera diskriminatzailea” duelako.