OrozkoRock musika jaialdiak hirugarrenez beteko ditu herriko kale eta bazterrak rock doinuz. 2019an antolatu zuten lehen festibala, baina pandemiak 2020an eta 2021ean ezer egitea eragotzi zien. Iaz bai, gogoz bueltatu ziren rock zaleak Ipergorta kaleko zabalgunera, eta aurten berriz ere izango dute aukera maiatzaren 19an eta 20an.
Dagoeneko elkarteak argitara eman ditu oholtzara igoko diren musika talde batzuen izenak. Aurreratu dituztenen artean daude Aiaraldeko Zutik, Zestoako Rodeo, Bilboko Seda, Argentinako Capsula, Legazpiko John Dealer and the Coconuts, Arratiako Kristonak eta Bilbo-Bartzelonako Pinpilinpussies.
Ostiral honetan, otsailaren 17an, Jentilzulo kulturgunean aurkeztuko dute 2023ko edizioaren egitarau osoa. 21:00ean irekiko dituzte Jentilzulo Kulturguneko ateak eta bideo emanaldi baten laguntzarekin aurtengo jaialdiaren formatua argituko dute, informazio praktikoa zabaltzeaz gainera, sarrerak eta merchandisinga kasu.
Aurkezpenaren ondotik Bilboko Ezezez musika taldeak emanaldia eskainiko du hiru euroren truke. OrozkoRockeko Josu Amundarainek adierazi duenaren arabera, hemendik eta jai handira bitarte hilean pare bat kontzertu antolatzen saiatuko dira, motorrak berotzen hasteko.
Jaialdi herrikoia eta gertukoa
Era berean, Amundarainek azaldu du festibalaren sarreren prezioa “mundu guztiarentzako” eskuragarri izan dadin ahalegintzen direla: “Askotan musika jaialdiak prezio altuekin lotzen ditugu, baina gu saiatzen gara prezio herrikoia jartzen”.
Kartela osatzean ere, gertuko taldeei erreparatzen diete, baita urtean osoan antolatzen dituzten ekitaldi guztietan ere. “Talde xumeen eta ez hain ezagunen aldekoak gara”, azaldu du elkarteko kideak.
Soilik talde xumeekin jaialdi bat antolatzea zaila dela jakitun, izen handiagokoak ere deitzen dituzte, eta horrela txikiei “talde ezagunago eta ibilbide luzeagokoen babesa” ematen diete.
Antolakuntzako kideak “oso motibatuta” daudela aitortu du Josu Amundarainek, zaleak eta musikariak zuzeneko emanaldiez gozatzeko gogotsu sumatzen dituztelako. “Gu oso gogotsu gaude; gainera, aurten sorpresa potolo-potolo bat izango dugu”, aurreratu du. Honen berri jakin nahi duenak, ostiraleko aurkezpen ekitaldira joan besterik ez du.