SOSLAIA

Felix Ugarriza, Gorbeiako eta Athleticeko ahotsa baino gehiago

Erredakzioa 2023ko mar. 12a, 15:00
Felix Ugarriza, bere familiarekin.

Felix Ugarriza Orozkon jaio zen 1943ko martxoaren 2an. Aita Jose Martin artzaia zuen, eta ama Frantziska, baserriko emakumea eta etxeko nagusia zena.

Hiru arreba nagusiago zituen: Luci, Venantzi eta Bibi. Gazteenarekin 10 urteko aldea izanik.

'Gorbeiako ahotsa' ezaguna izan baino lehen, Felix abesten hasi zen Aresketako auzotik Ibarrako eskolarako bidea hartzen zuenean. Goizetik eta iluntzean joaten zenez, amak ibilbidean zehar entzuteko egiten zuen.

Berez, Ibarrako eskolan gutxi iraun zuen, etxeko jardunetan laguntzen zuelako eta txikia zenean Gabiriko Frantsizkanoetara eraman zutelako. Bere aitak apaiz izatea nahi zuen, baina amak ez. Tarteka Ibarran meza-laguntzaile lanak egin izan bazituen ere, Gabiriko Frantsizkano eskolan ez zen guztiz moldatu eta amak ateratzea erabaki zuen.

Politikoki, Felix Ugarrizak betidanik izan zituen ideia oso argiak: euskaltzale, abertzale eta borrokalari amorratua zen, baina beti ere bere izaera umil eta apalaren barruan. 

Lana eta politika

Gazte izanik LIP enpresan lanean hasi zen eta Juventud Católica Obrera gazte erakundeko partaide izan zen. Bertan Francoren kontrako protestak egiten zituzten. Halaber, mendietan elkartu eta euskal abestiak kantatzen zituzten. 

Jarduera hori dela eta, behin baino gehiagotan jarraika izan zituen Guardia Zibila eta Orozkoko aguazila eta bere ama beldurtzea lortu ez ezik, azkenean atxilotu zuten.

Frankismotik ihesi

Guzti horren ondorioz, Frankismoaren errepresiotik ihes eginda, Alemaniara alde egitea erabaki zuen bere kantu irakasleak, Bego Abaitua, lagunduta. Bertan, Zeberioko Maite Idirinekin elkartu eta kantuan ikasteko aprobetxatu zuen.

Urte batzuk geroago, berriz ere itzuli zen Euskal Herrira, bere aberrira. Orozko suspertzeko hainbat ekimenetan parte hartu zuen orduan.

Horrela, herrian denetarik egin izan zuen: herrigintzan, euskal kulturan, pilotan, mendizalea, lagunen laguna (El patas ezizenagatik ezaguna), parrandazalea… 

Telebistan

Jose Maria Iñigok gidatutako La Gran Ocasión telebista programaren barruan, lehiaketa berezia antolatu zuten, kantu lirikoaren barruan, Venezia diskotekan, hau da, Saturraran eta Ondarru artean. Felix lehiaketa horretara aurkeztu zen eta irabazi zuen. Han sortu zen 'Gorbeiako ahotsa' ezizena.

Orozkotik Laudiora

Denborarekin, bere emaztea, Marian Olabarria, ezagutu zuen. Maitemindu, ezkondu eta familia sortu zuten, elkarrekin bi alaba izanik, Eider eta Saioa Ugarriza. Halaber, emazteak Laudiora bizitzera ekarri zuen. Aipatu behar da bost biloben aitite ere izan zela: Ugaitz, Aritza, Enaitz, Lur eta Jare.

Athleticeko ereserkia

Felix Ugarrizak euskal munduko jende ezagun eta ezezagun asko zituen lagun, hala nola, Jose Mari Arrate eta Jose Angel Iribar. Horrela suertatu zitzaion Athletic Clubeko himnoa abestea.

1983. urtea zen eta Jose Mari Arrate izan zen ereserkiaren arduraduna, zuzendaritzako kide gisa. Berak argi zeukan euskaraz egingo zuela, herri izaera adierazi nahi zuelako. Gauzak horrela, Antxon Zubikarairen semeak (ondarrutarra zena) egin zuen letra, eta Karmelo Bernaola konpositoreak egin zituen gidaritza lanak. 'Altxa gaztiak' pasodoblean oinarritutako musika erabili zuten eta ondoren, letra eta musika lotu zituzten. 

Arrate presidenteak hasieratik argi izan zuen Felix Ugarrizak izan behar zuela abeslaria. Parte-hartzaile guztien artean abestia aztertu eta osatzeaz gain, harreman polita garatu zuten.

Hala ere, hori ez zen izan musikaren munduan egin zuen ekarpen bakarra, Mari Jaiaren kantan ere ahotsa jarri baitzuen Felix Ugarrizak. Hau da, duda barik, Bilbon gehien entzuten diren bi abestietan parte hartu zuen.

Euskaldunon Egunkarian

Urte luzez Rothmans tabako enpresan produkzio lanetan arduradun aritu zen. Eta denbora luze kanpoan ematen zuenez, eta tarte horietan familia ikusteko aukera ez zuenez, 45 urterekin, enpresa utzi eta Euskal Herrian lana topatzea erabaki zuen. 

Handik urte pare batera, euskal kulturarekin bat egin eta Euskaldunon egunkarian lanean hasi zen berriro ere, harik eta Auzitegi Nazionaleko epaile baten aginduz itxi zuten arte. 

Momentu horiek oso gogorrak izan ziren berarentzat, baita ondorengoak ere. Baina gertaera latza jaso eta biharamunean 'Egunero' egunkaria jarri zuten martxan.

Azkenean, Felix Ugarriza Berria egunkarian erretiratu zen. Eta Eukaldunon egunkariaren itxieran gertakari okerragoak jazo baziren ere -torturak, esaterako-, aipatu beharra dago egunkariaren indarrezko amaierak nabarmen kaltetu zuela Ugarriza ekonomikoki, pentsiodun bilakatu zenean.

Erretiratua, baina ez geldirik

Azken urteak Laudio eta Zarautz artean eman zituen eta euskararen munduarekin lotura estua izaten jarraitzen zuen, hala nola, Jauzarrea proiektuan parte hartuta.

Senideek gogoratzen dute, pertsona maitatua eta eredugarria izan arren, bere ezaugarri nagusia beste bat zela: oso apala eta umila izatea.

Omenaldia ere, bere izaera umilari jarraiki, Orozkon egingo dute, modu oso intimoan.

Dena den, bere azken egunetan, etxetik igaro diren lagunen artean bi iruzkin azpimarratu nahi ditu familiak.

Alde batetik, Jose Mari Arrate Athletic Clubeko presidente ohiak esandakoa: “Athleticen egondako garaian egindako gauza onenetarikoen artean dago Athleticeko ereserkia egin izana, eta nirekin batera hautatutako hiru pertsonekin egitea”. 

Bestetik, Jose Angel Iribarrek honakoa aitortu zuen: “Himnoa entzuten nuenean, harro sentitzen nintzen lagun eta ingurukoei esanez kantaren abeslaria, Felix, nire adiskidea zela.”

Oroitzapen horiekin, senide hurbilenek eskerrak nahi izan dizkiote bizitza berarekin partekatu ahal izanagatik. Horregatik adierazi dute berak altxatutako banderak aurrera eramango dituztela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide