Orozkoko Udaleko aurrekontu soberakina hiru proiektura bideratzea adostu du EH Bilduk Adie eta EAJrekin, oposizioko taldeak azaldu duenez.
Alde batetik, eguzki plakak jarriko dituzte udal eraikinetan, "Orozkoko Udalak eraikinen energia-ziurtapenerako eta jasangarritasun energetikorako jarduera-plana egiteko lanak hasteko".
Bestetik, herriko "puntu beltzak" ezabatuko dituzte, hainbat zonaldetako argiteria handituta.
Horrez gain, lehen sektorean belaunaldi aldaketa sustatzeko plana garatuko du tokiko erakundeak, "horretarako beharrezkoak diren teknikariak kontratatuz".
EH Bilduk gogorarazi du hiru proposamenak aurkeztu zituela 2023ko udal aurrekontuetarako, baina Adieren udal gobernuak "guztiak" baztertu zituela.
Horren ostean etorri da hiru egitasmoak aurrekontu soberakinarekin garatzeko akordioa. "Legegintzaldi honetan, lehen aldia da Udalaren diru-kutxan inbertitu gabe geratzen den diruarekin egiten dena modu adostu batean erabakitzen dela", nabarmendu du oposizioko taldeak.