Mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk iragan astearteko -martxoaren 14ko- Orozkoko Udal Osoko Bilkuran. Testuan, honakoa eskatzen zion Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari: “AP-68 autobidearen zatian inpaktu akustikoa neurtzeko azterketa egitea, zaratatik babesteko panelak jartzea eta errepidetik gertu kokatuta dauden etxebizitzak bizitegi-eraikinetako isolamendu akustikoaren planean gehitzea”.
Udal taldeak adierazi duenaren arabera, Orozkoko bizilagunek hamarkadak daramatzate neurriak eskatzen herrigunetik gertu igarotzen den autobideak eragindako inpaktu akustikotik babesteko. “Herritar guztien ongizatea eta atsedena bermatzea ezinbestekoa da bizitza osasuntsu bat izateko. Udalei dagokie herritarren ongizatea bermatzeko erabakiak hartzea eta duela urte asko ez zaiola gai honi behar bezala heltzen”, gaineratu du Orozkoko EH Bilduk. Udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa.