Adiek bukatutzat eman du bere ibilbidea eta ez da udal hauteskundeetara aurkeztuko

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 17a, 17:00

2019an Adiek hauteskundeetara aurkeztutako hautagaiak. / Adie

Gaur eman du talde independeteak erabakiaren berri, herrian zehar banatzen ari den ohar baten bidez. 

Adiek bukatutzat eman du bere ibilbidea eta ez da datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Hala azaldu du talde independeteak gaur Orozkoko auzoetan zehar banatzen ari den eskuorri baten bidez. Bertan, talde politikoko kideek azaldu dute "ziklo bat" bete dutela eta ez dela "erreleborik" iritsi. "Beti lan egin dugu umiltasunetik, zintzotasunetik, gardentasunetik, eraginkortasunetik eta zuzentasunetik", nabarmendu dute oharrean, eta eskerrak eman diete proiektuaren 12 urteko ibilbidean parte hartu duten pertsona guztiei. 

Taldearen ibilbidearen balantzea ere plazaratu dute: "Adie 2010eko udan sortu zen eta talde sendoa eratzea lortu genuen, gaitasunarekin eta gure herriaren alde lan egiteko gogo eta ilusio akorekin". Modu horretan lortu zuten 2011ko hauteskundeetan gailentzea, eta orduz geroztik Adiek gobernatu du Orozkoko Udala. Urte hauetan guztietan, bizilagunen parte hartzea sustatu dutela nabarmendu dute, "parte hartzerako tresna berriak" eta "gauzak egiteko beste modu bat" abian jarriz. 

Horrez gain, 2011n Udalak 5 milioi euroko zorra zuela gogorarazi dute, eta urtez urte saneatzea lortu dutela. Ildo beretik, proiektuaren independentzia ere jarri dute balioan: "Adiek talde independiente moduan, ez du ideologia politiko zehatz bat jarraitu. Gure asmoa beti izan da kudeaketarako eta parte hartzerako alternatibak proposatzea Orozkoko herritarrei. Gure jardun eremua Udala izan da soilik, eta ez dugu gure herritik haragoko lotura edo baldintzatzailerik izan".

Adie mapa politikotik desagertuta, ikusteke dago zer gertatuko den maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Orozkoko Udalean beste bi taldek dute ordezkaritza: EAJk eta EH Bilduk, eta ez batak ez besteak ez dute jakinarazi momentuz zein izango den euren hautagaia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide