GARAZI SANTACRUZ LIZASO

“Mundua nola ikusten dugun adierazi dugu diskoan. Letrak pertsonalak bezain kritikoak dira”

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko mar. 26a, 09:33

B.O.T.H. taldeko kidea da Garazi SantaCruz orozkoarra. / Aiaraldea.eus

GARAZI SANTACRUZ LIZASO (Orozko, 2000) beti egon da musikari lotuta. Uneotan B.O.T.H. taldean dihardu, doinu hardcorea, punka eta melodikoei ahotsa eta gorputza jartzen.

Hardcorea eta punk melodikoa uztartzen dituen B.O.T.H. musika taldean zabiltza.  Nola sortu zenuten proiektua?

Berez, Zaloako jaietarako bertsio talde bat egin nahi nuen 2019an, eta horrela sortu zen ideia: Beñat baterijoleari komentatu nion eta lagun talde bat batu ginen. 

2019-2020 inguruan koronabirusa etorri zenez, kolokan geratu zen proiektua. Alabaina, uda horretan aurrera jarraitzeko geratzea erabaki genuen, eta bertsioetatik harago, abesti propioak egiten hasi ginen. Horrela sortu zen taldea, 2020ko irailean.

“Gure helburua ez da Gaztean egotea, gozatzea baizik. Talde txikia asko daude oso onak direnak, eta zabaltzeko oihartzunik edo aukerarik ez dutenak”

Laukotea zarete. Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?

Letrak pertsonalak bezain kritikoak dira. Alor ezberdinetako errealitateei eta injustiziei idatzi diegu: errefuxiatuak, langileria, errepresioa…  Nahiko metaforikoak diren arren, ondo ulertzen da mezua. Mundua nola ikusten dugun adierazi nahi izan dugu diskoan: itxuraren garrantzia, sare sozialetan egiten den esposizioa… Guzti horrek asko eragiten du gizartean eta gugan ere.

Esaterako, errefuxiatuen kantan, hiltzailea gizartea ere badela adierazi nahi izan dugu, oztopoak guk ere jartzen ditugulako. Pertsonaletik ere badu diskoak, beste kantu batek gure parranda islatzen baitu. Lagunekin egotea ere bada  defendatu nahi duguna.

Diskoa grabatzen zabiltzate…

Kantu propioekin kontzertu osoa egitea da gure asmoa. Diskoa grabatzen hasi ginenean gure 7 abesti genituen jada, baina orain beste 2-3 gehiago dauzkagu. Hala ere, zuzenekoetan beti ditugu bertsioak, gure kantak oso biziak eta laburrak baitira. Gure abesti guztiak euskaraz dira, baina bertsioak denak ez. Grabaketa prozesua luzatu zaigu, baina udarako nahiko genuke diskoa izatea. Sare sozialetara ere igoko dugu, baina presentzialki ere nahi ditugu ale batzuk.

Gure asmoa urte honen amaierarako zuzeneko osoak gure abesti propioekin gauzatzea da, betiere guretzat ohikoak bilakatu diren bertsio batzuk mantenduz.

Zelan joan da zuen hasiera bira?

Lehen kontzertua Arrigorriagan izan zen, 2021eko udan, hilabete kulturala osatu baitzuen Soinuarri musika elkarteak. Ostegunero bi kontzertu egoten ziren, baina  COVID-19 garaia zenez, jendea eserita eta musukoekin zegoen. Batez ere, Hego Uribetik mugitu gara. Egindako irteera luzeena Urretxura izan da, HezurreFest festibalean. Enkarterrietan ere aritu gara: Gueñesen, Basaurin… Aiaraldean Garrastatxun bakarrik jo dugu oraindik.

Zuzenekoetan, zer da transmititu nahi duzuena?

Gurekin ondo pasatzea. Batzuentzat, nahiko estilo zaila da gurea: bateria oso arin doa, baina ahotsa ulertu egiten da. Gugaz disfrutatzea, parte sentitzea nahiko genuke.

Non entzun edo topa liteke zuen lana?

Instagram kontua dugu. 2021eko zuzenekoen zati batzuk daude hor, nahiz eta asko aldatu garen.  Izan ere, ez da berdina jendaurrean eserita edo oholtza handian jotzea, edo taberna batean. Edozelan ere, ohitu gara eszenatoki ezberdinetan jotzera: Bagatzan (Barakaldon) oso oholtza handian aritu ginen, Ugaon taberna giro txikian… Egokitzen jakin behar da.

Zergatik diozu zuen estiloa ez dela ohikoa?

Gazteria beste estilo batzuetara ohitua dago. Ni beti izan naiz nahiko ‘rockerilla’, ‘makarrismoa’ gustatu zait. Parranda testuinguruan bai, baina bestela ez gara mugitzen regetoia eta beste arlo horietan. Horregatik piztu zitzaigun zerbait ezberdina egiteko nahia. Gainera, emakumea izanik, eta taldeko ahotsa; bestelako erreferentziak izatea ere inportantea da.

Gazteak estilo zehatz batzuetan zentratzen dira: ez dago estilo zabalik, eta horrek pena ematen dit. Gure helburua ez da Gaztean egotea, gozatzea baizik. Baina talde txiki asko daude oso onak direnak, eta zabaltzeko oihartzunik edo aukerarik izan ez dutenez, bidean geratzen dira.

Trikitixarekin ere ikusi zaitugu sarri.

Ahizparekin erromeria giroan jarraitzen dut, bai. Batzuetan hirukote gisa aritzen gara, kajoiarekin abesteko kantak jotzen.

“Mundu mailan emakume erreferente asko daude, eta pausoak eman behar ditugu”

Taldeko emakume bakarra zara, ahots nagusia. Nola ikusten duzu musika eszenan emakumeen lehen lerroratzea?

Geroz eta gehiago gara, arlo ezberdinetan, gainera. Nik beti ikusi izan ditut emakumeak abesten, baina nahiko melodiko edo erromeria testuinguruetan. 70. hamarkadan talde asko zeuden emakumeenak, niretzat erreferenteak izan direnak. Hala ere, gure estiloan ez dira asko ikusten, baina egon bagaude, adibide gisa The Baboon Show taldea izango genuke. Zuriñe Hidalgorekin batera, Hesian estiloko asko sortu ziren; baina trikitixatik kanpo ez gara asko ikusten.

Mundu mailan erreferente asko daude, eta aurrerapausoak eman behar ditugu. Nik mundu guztia animatzen dut nahi duena egitera, eta gogoko duen estiloarekin aurrera jarraitzera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide