Historia luzea du Orozkoko Arrugaeta jatetxeak, ezta?
Gure aitonak ireki zuen jatetxea, 1950. urtean. Handik gutxira gure gurasoek, Chefi Juarestik eta Clemente Arrugaetak, negozioaren gidaritzari heldu zioten, eta 70 urtez egon da zabalik.
Familia guztia bizi ginen jatetxe gainean. Neba-arreba guztiak hemen bertan jaio gara. Amak sukaldean egin zuen lan gu erditu gintuen egunetan ere. Jatetxean hazi eta hezi izan gara gu. Etxean ez genuen etxeko-zapatilarik, egun guztia ematen genuelako jatetxean, hau izan da gure benetako etxea. Gure nortasunaren parte de Arrugaeta jatetxea, garenaren parte.
Gurasoen lekukoa hartu genuen anai-arrebok. Beti egon gara jaetxean laguntzen, ikasketekin uztartzen genuen hemengo lana.
Urte hauetan guztietan asko aldatu da jatetxea?
Garai batean bezeroak etortzen zirenean sukalderaino sartzen ziren lapiko barruan zegoena ikustera. Bezeroen altzoan jartzen nintzen hauen plateretik jatera. Beste garai batzuk ziren.
Hasieran jantokia gaur egun taberna dagoen aldean zegoen. 1980ko hamarkadan espazioa handitu egin zen eta jantokia alboko eraikinera mugitu genuen. Eraikin berria eraikitzen ari zirela Orozkon egondako lehendabiziko txosna jarri zuten bertan.
Beti saiatu gara jatetxearen identitate klasikoa mantentzen. Herri txikia da hau, eta hona datozenak janari bertako janari tradizionala jatera datoz. Gastronomian bolada desberdinak daude: janari txinatarra, japoniarra… Baina gure sukaldaritza tradizionalak hor jarraitzen du.
Edozein euskal etxeko sukaldean aurkitu daitekeena eskaini dugu hemen. Sukaldaritza tradizionala da gurea, baina ez da inoiz modaz pasatzen. Indabak, hegaluzea eta hegala ezinbestekoak dira gure kartan.
Herriko identitatea ere markatu du Arrugaetak.
Elkartzeko aukera eskaintzen duen espazio orok bizia ematen dio inguruari. Arrugaetak bizia eman dio Orozkori. Orozkon bi jatetxe daude, Iza eta Arrugaeta. Herrira datorren jende gehiena jatera dator, eta jaetxe baten faltan litekeena da jende gutxiago etortzea. Hutsunea igarriko da.
Agur esateko ordua iritsi zaio orain jatetxeari.
Hala da, bai. Ez dago gure lekukoa hartuko duen inor, pena handiz, baina, agur esan behar diogu Arrugaeta jaetxeari. Azken astea zoramen hutsa izan da, jendetza bertaratu da gu agurtzera. Bezero askoren bizitzetako une gogoangarri asko eta asko lau horma hauen artean gertatu dira: ezkontzak, ospakizunak… Ikaragarria izan da jendearen erantzuna azken egun hauetan. Sinistu ezinik gaude oraindik. Zenbat jendetza etorri den, ikusgarria izan da. Bere garaian inguruko fabriketan lan egiten zuten eta emen bazkaltzen zuten langileak ere etorri dira urrutitik gu agurtzera. Iruñetik, Madriletik… leku askotatik etorri dira.
Arrugaetak zuen balio sentimentalaz kontziente zineten?
Jatetxe honek guretzat duen balio sentiemntala kalkulaezina da. Hori ukaezina da, eta beti izan dugu argi. Gure familiaren elkargunea izan da. Baina, egia da, agur esateko unea heldu denean eta ingurukoen maitasun keniuak jasotzen hasi garenean ohartu garela zeinen garrantzitsua izan den jatetxea hemendik pasatu diren hainbeste bezero eta lagunentzat ere. Emozionatu egiten gara bizitako guztia oroitzean.
Azken astean jaetxea topera egon da, negar malokoak ateratzen zitzaizkigun hainbeste gauza ederretan egon garela ikustean.
Zein da orain jaetxearen etorkizuna?
Familiako inork ez du jarraituko, hori argi dago. Negozioak moduren batean edo bestean jarraituko duen? Hori guk ere ez dakigu. Kaletik dauden zurrumurru guztiak gezurra dira (barreak). Gustatuko litzaiguke erreferentziazko espazio bat izaten jarraitzea herrian, baina hori ez dago gure esku. Bizitzak aurrera egin behar du.