AP68ko langileek mobilizazio kanpaina abiatu dute hitzarmen kolektiboaren negoziaketen “blokeoa” salatzeko

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 21a, 17:00

AP68 autobidearen Bizkaiko eta Arabako eremuan lan egiten duten bidesarietako eta mantentze-lanetako langileek mobilizazio kanpaina abiatu dute gaur, apirilak 21, Abertis enpresarekin hitzarmen kolektibo bakarra lortzeko duela urtebete baino gehiago abiatu zituzten negoziazioak "blokeatuta" daudela salatzeko.

LSB-USO sindikatuak deituta, AP68 autobideko Bizkaiko eta Arabako eremuko hainbat langile elkartu dira gaur 9:45etik 11:15era bitartean Orozkoko bidesariaren parean, bertan baitute egoitza.

AP68 autobidea MITMA taldearen barruan dagoen Grupo Abertis Autopistas enpresak kudeatzen du. 2019ko abenduaren 5ean Bizkaiko eta Arabako lurrak gurutzatzen dituzten 77 kilometroak bi lurralde historiko hauetako Foru Aldundien eskumen izatera igaro ziren. Hala ere, 2026ra bitarte Abertisek kudeatuko du autobidea, urte horretan amaitzen baita emandako kontzesioa.

Araban eta Bizkaian 70 langile baino gehiago daude eta ez dakite zer gertatuko den 2026tik aurrera euren lanpostuekin. Horregatik abiatu zuten duela urtebete baino gehiago hitzarmen kolektibo bateratu baten aldeko negoziaketa. Helburua, langileak irteera traumatikorik gabe berkokatu ahal izatea da; hau da, nahi duten langileek hurrengo enpresa kudeatzailean subrogatzeko aukera izatea eta nahi ez dutenek bidegabeko kaleratze baten saria jasotzea.

Horrez gaiz, Abertisek kudeatzen dituen beste autobideetako langileen baldintza berak eskatzen dituzte, eta langileen erosahalmena bermatu dadila.

Hori dela eta, gaur egin dute lehen elkarretaratzea Orozkoko bulegoen aurrean eta aurreratu dute Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiekin harremanetan jarriko direla. Negoziazioek blokeatuta jarraitzekotan, mobilizazio-egutegia adostuko dutela aurreratu dute langileek, eta ez dute lanuzterik egitea baztertzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide