Euskara hutsean ondo pasatzeko jarduerak antolatuko dituzte Orozkon

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 25a, 16:12

Antzinako ohitura da 'izozki-garrafak' prestatzea eta Orozkon mantendu egin dute. Argazkian, 2016ko jaietako garrafa lehiaketa. / Aiaraldea.eus

Orozkoko guraso euskaltzaleen batzordeak euskararen arnasgune izan nahi du, haurren hizkuntza ohiturekin arduratuta baitaude zenbait guraso. Hori dela eta familian euskara hutsean ondo pasatzeko ekintzak prestatuko dituzte. Lehena, ostiral honetan izango da eta aurrez izena eman beharra dago.

Orozkoko guraso euskaltzaleen batzordeak euskararen arnasgune izan nahi du eta, horretarako, euskara hutsean familian aritzeko jarduerak antolatzen hasiko da. Lehena, ostiral honetan izango da, apirilaren 28an.

17:30ean jarri dute hitzordua Kantxan familiartean garrafak prestatzeko. Bi baldintza jarri dituzte parte-hartzeko: lehena, ekintzan euskara hutsean aritzea eta, bigarrena, aldez aurretik izena ematea. Horretarako epea aurreko egunera arte egongo da zabalik, hots, ostegunera arte.

Egitasmoaren bidez antolatzaileek euskararen arnasgune bat sortu nahi dute Orozkon. Horrek esan nahi du euskarak lehentasuna izango duela antolatzen dituzten jarduera guztietan.

Familiei zuzenduko dizkiete ekintzak, gurasoek haurrekin batera parte hartzeko. Horregatik, partaide helduei jarrera aktiboa eskatu diete jardueretan, hau da, haurrekin eta gainerako gurasoekin elkarrizketan aritzea eta, noski, euskaraz aritzea.

Azaldu dutenaren arabera, euskara mailak eta zuzentasunak ez dute garrantzirik izango, helburua “euskaraz gustura aritzea” izango baita. Euskaraz ez dakiten gurasoak beste guraso batzuekin hitz egitera gonbidatu dituzte antolatzaileek, hauen haurrek beste guraso batzuekin parte-har dezaten, heldu bakoitzeko hiru haurreko proportzioan.

Ereduaren garrantzia

Orozkoko guraso euskaltzaleen batzordeak azaldu du hainbat guraso arduratuta daudela herriko haurren hizkuntza ohiturekin. Izan ere, denek euskaraz ikasten duten arren, “beraien arteko harremanetan gaztelaniara jotzen dute gehienek”.

Horregatik, haurrei euskaraz ondo pasatzeko aukerak eman nahi dizkiete eta, argi dutenez gurasoek eredu izan behar dutela, ekintzak familian egiteko prestatu dituzte.

Izena ematean jardueran zehar jarrera parte-hartzailea izateko konpromisoa hartu behar dute gurasoek. Orozko Harana eskolak, Orozkoko Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lagundu du programazioan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide