Musika jaialdi huts bat baino gehiago izango da Orozkorock

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 8a, 08:00
Orozkorocken iazko edizioko kontzertuetako baten irudia. / Orozkorock

Maiatzaren 19an eta 20an egingo dute Orozkorock jaialdiaren aurtengo edizioa. Kartel indartsua lotu dute antolatzaileek, Su Ta Gar taldea buru. Baina, ez dute kontzertuetara mugatu nahi: beste hainbat jarduera antolatzen dabiltza rocka “herri osora” zabaltzeko. 

Kristonak, Pinpilinpussies, Los Tiki Phantoms, Seda eta John Dealer and The Coconuts ostiralean. Larunbatean, aldiz, Su Ta Gar, Rodeo, Capsula, Lukiek, Zutik! eta K-Billy & Go-Freak. Hori izango da Orozkorockek maiatzaren 19an eta 20an eskainiko duena Hegoaldeko aparkelekuko oholtzan. 

Hala ere, jaialdia ez da horretara mugatuko. Larunbatean beste hainbat jarduera antolatuko dituzte herrian. Eguerdian mahaingurua eskainiko dute museoan, euskal musikaren gaur egungo egoera ardatz hartuta. Garazi Pascual Cuesta filosofian doktoreak dinamizatuko du saioa, eta lau musikarik hartuko dute hitza: Afrika Bibangek, Nerea Alberdik, Ane Barcenak eta Beatriz Perales Fernandez de Gamboak. 

Kale kontzertua egongo da jarraian, 13:30ean, The Smoke Dealers ugaotarren eskutik, eta herri bazkaria egingo dute gero, frontoian. Tiketak salgai daude dagoeneko Jentilzulon eta Wouticken. 

Modu horretan, kontzertu maratoi huts bat antolatzetik harago joan nahi dute antolatzaileek. “Guk beti pentsatu dugu hau ez dela mugatzen bi eguneko jaialdi bat izatera”, aldarrikatu du Ibai Isusi Sanzek. Orozkorock elkarteko kideak argi du zein den helburua: “Musika, giro ona eta rocka herri osoan igartzea”.

Aipatutako jarduerez gain, erakusketa bat ere antolatu nahi dute museoan, aurreko edizioetako argazki eta bideoekin. Larunbat honetan, aldiz, gitarrentzako pedal tailer bat antolatu dute Jentilzulon, Gertrude kultur taldearekin, eta inskripzio guztiak bete dira dagoeneko. 

Mahaingurua, erakusketa edota herri bazkaria antolatuko dituzte Orozkorock jaialdiaren barruan, kontzertuez gain

Gero eta beroago sumatzen dute giroa herrian. “Jendea urduri dago dagoeneko”, aitortu du Isusik. “Bi aste ditugu lan guztia egin eta pentsatutako jarduera guztiak aurrera ateratzeko”. Dekorazioa prestatu, azpiegiturak muntatu, kartelak jarri… kontaezin ahala egiteko dituzte aurretik Orozkorock elkarteko kideek, baina ez daude bakarrik. “Elkartean, berez, 8-10 pertsona gaude une honetan, baina gero laguntzera herriko jende asko bertaratzen da. Montaje egunean 20-30 pertsona inguru agertzen dira goiz zein arratsaldean, eta jendea prest dago bere kamioi, furgoneta edo autoak uzteko". 

Laguntza  eta babes hori izanda, elkartea osasuntsu mantendu dela ziurtatu du Isusik: “Jaialdia sortu genuen ia kide denak mantentzen gara egungo lantaldean eta jende berria ere batu da”. 

Txikitasuna aldarri

Jaialdi “txikia” da Orozkorock, eta harro daramate txiki izatea. “Nik uste dut garrantzitsua dela zer jende dagoen jaialdiaren atzean”, nabarmendu du Isusik, eta bi eredu kontrajarri ditu: “Badago eredu bat zeinen atzean profesionalak dauden eta jendea kontratatzen den, jaialdi komertzial eta handi moduan funtzionatzeko. Beste batzuk, aldiz, herriko jende boluntarioarekin funtzionatzen dugu”. Orozkorockeko kideen aburuz, “ezberdintasun handia” dago bi ereduen atzean, eta gauzak ez dira errazak txikitasunean mantendu nahi dutenentzat. “Zaila da jaialdi dexente bat aurrera ateratzea jende boluntarioarekin. Egia da edukieraren araberako legea dagoela, baina askotan ez die jaialdi txikiei laguntzen. Onura gehiago ditu jaialdi handi batek txiki batek baino, eta hor askotan galtzen ateratzen gara”. Horren aurrean, jaialdia “ahalik eta xumeen” egiten saiatzen dira Orozkon, “baina ahalik eta ondoen”.

Halere, aurtengo kartelak ez dio inbidiarik batere rock jaialdi handiei. “Aurten animatu gara talde handi eta ezagun bat ekartzera, Su Ta Gar, alegia. Egia da orain arte ez dugula helburu moduan izan talde handiak ekartzea, baina hori izan da gure apustua aurten, ikusiko dugu ea jendeak nola erantzuten duen”. 

Berrikuntza moduan, lo egiteko aparkalekua atontzea aurreikusi dute Orozkorockeko kideek, nahi duenak bi egunak herritik mugitu gabe igaro ahal ditzan. 

Aurrera begira, Orozkorockeko kideek argi dute jaialdia errepikatuko dutela. Baina, hasieran esan bezala, ez dute horretara mugatu nahi, ez dira horretara mugatzen ari. Horren adibidea da hilero jentilzulon antolatzen dituzten rock kontzertu txikiak, jaialdiaren filosofia urte osoan zehar zabaltzea helburu dutenak. Isusik ez daki zer egingo duten behin maiatzeko zurrunbiloa igarota, baina argi du helburua: “Urtean zehar gero eta ekintza gehiago antolatzea”.

Jaialdirako sarrerak eta informazio eguneratu guztia www.orozkorock.eus atarian kontsultatu daiteke. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide