Datorren astelehenean, maiatzaren 15ean, Orozkoko Udalak herriko udalekuetan izena emateko epea zabalduko du. 2011 eta 2019 urteen artean jaiotako haurrek parte hartu ahalko dute. Udalekuak bi astez luzatuko dira: uztailaren 3tik 14ra, astelehenetik ostiralera; eta goizeko ordutegia izango dute: 09:30etik 13:30era.
Egun horietan askotariko jarduerak egiteko aukera izango dute haurrek: kanpoko jolasak, igerilekura joatea, puzgarriak, apar festa... Iazko enpresa bera arduratuko da jarduerak prestatzeaz eta, Indumako kideek jakinarazi dutenaren arabera, aurten asmoa dute ekintzak antolatzeko herriko zenbait elkarterekin batera. Esaterako, egun batean Iza okindegira joango dira ogia egiten ikastera.
Izen ematea
Orozkon erroldatutako haurrek 30 euro ordaindu behar dituzte, eta kanpokoek 40. Horrez gain, udalekuetan zehar igerilekura joan ohi direnez, kiroldegiko bazkideak ez direnek 20 euro ordaindu beharko dituzte, kiroldegian bertan.
Izena emateko Induma Gazte eta Kultura Informazio Gunera (Zubieta etorbidea, 16) joan daitezke interesdunak, edo informazioa posta elektroniko bidez eskatu infoinduma@yahoo.es eta infoinduma.orozko@bizkaia.org helbideetan. Izen-emate orria eta ordainketa egiteko datuak helaraziko dizkiete horrela.